Orain dela lau urte abiatu zuten bidea elkarrekin musikagintzan ibilbidea luzea duen Gari musikariak –Hertzainak– eta Maldanbera taldeak. Estutu izeneko lana argitaratu zuten 2016an, eta aurtengo azaroan kaleratu dute bigarrena, Beste denbora batean izenekoa.
Lan berria aurkezteko kontzertuen birari ekingo diote laster; adibidez, urtarrilaren 4an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango dira, baina, horren aurretik, Elgetako Espaloia kafe antzokiraino hurbilduko da boskotea.
Taularen gainean lagun izango ditu Garik Borja Barrueta bateria-jolea, Gorka Benitez saxoarekin eta flautarekin, Jon Agirrezabalaga baxu-jolea eta Oier Aldekoa pianoan.
15 eurotan salduko dituzte sarrerak, baina, aurrez erosiz gero, 12 eurotan. Eskuragarri daude Bergarako Eruan tabernan; Arrasaten, Iratin; Eibarko Kultu tabernan; eta Elgetan, Rincon de Lola tabernan. Horrez gain, Musikaze.com atarian ere bai.
Egun berean, baina 18:00etan, Bergarako Musika Eskolan sortutako talde berri batek bertsio ezagunekin osatutako kontzertua egingo du; sarrera doan da.