Joseba Madariaga: "Euskal ekonomiak hazten jarraituko du 2019an"

Eneko Azurmendi 2018ko abe. 13a, 16:54

Joseba Madariaga.

2019rako euskal ekonomiaren aurreikuspenen berri eman du Laboral Kutxak. Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendariak aurreratu duenez, datorren urterako %2,4ko hazkundea aurreikusten dute Euskal Autonomia Erkidegorako.

2018a bukatzear da. Urte ona izan da euskal ekonomiarendako? Zuen aurreikuspenen gainetik ala azpitik hazi da 2018an ekonomia?
 
EAEko ekonomiak 21 hiruhileko jarraian daramatza hazten, aparteko ziklo positiboa izaten ari da eta langabezia-tasa %10etik beherako mailetara gutxitzea lortu dugu. 2016an %3,4ko hazkunde-tasa izan dugu eta % 2,9koa 2017an. Hala ere, urtetik urterako tasek indarra galdu dute, eta 2018ko hirugarren hiruhilekoan %2,6koa izan da hazkundea. Horretarako arrazoiak gure mugetatik kanpo bilatu behar ditugu. Izan ere, industriaren eta kanpoko sektorearen eskutik iristen zaigu egoera hori.
 
Industria-sektoreari dagokionez, zein bilakaera izan du?
 
Industria-produkzioa dezeleratuz joan da urteak aurrera egin ahala. Manufaktura-sektorean %5etik gorakoak izan dira hazkunde-tasa metatuak, eta %2,6ko balioetara igaro gara. Hiruhilekoz hiruhileko aztertuta, agerikoa da ekipamendu-ondasunetan eta manufakturetan izandako dezelerazioa. Balantzaren alde positiboan daude kontsumo-ondasunak; batez ere, ez-iraunkorrak. Hala ere, moteltzea atzeraldi bilakatzeko probabilitatea txikia dela uste dugu.
 
Uztailean egindako aurreikuspenean, 2019rako %2,5 inguruko igoera aurreikusten zenuten EAEn, Nafarroan eta Espainian. Mantentzen duzue hori?
 
Gutxi gorabehera, bai. 2019rako %2,3ko hazkunde-tasa aurreikusi da Estatu osorako, %2,4koa Euskal Autonomia Erkidegorako eta %%2,8koa Nafarroako Foru Erkidegorako.
 
Beraz, langabezia-tasak behera egitea espero da?
 
Aurreikusitako tasen arabera, langabezia-tasa nabarmen jaitsiko da. EAEren eta Nafarroaren kasuan, %9tik behera geldituko da urteko batez besteko langabezia-tasa, eta Estatuan, berriz, %13,6koa izango da.
 
BPGaren ze hazkunde-tasa aurreikusten duzue 2019rako? Zein erritmotan haziko da ekonomia? Zeintzuk izango dira faktore erabakigarriak hazkunde hori gerta dadin?
 
2019an Barne Produktu Gordina %2,2 haztea aurreikusten dugu. Hazkunde hori 2018an izan dena baino %0,4 baxuagoa izango litzateke, %2,6ko hazkundea izan baitugu aurten. Beraz, Espainiako ekonomiak susperraldiari eutsiko dio, baina hazkunde-erritmoa moteldu egingo da, ehuneko puntu erdi inguru, batez beste.
 
KPIari dagokionez, nolako hazkundea aurreikusten duzue?
 
2019an %1,6koa izango da hazkunde-tasa, batez beste –2018an %1,8koa izan da–. Ekonomia potentzialaren gainetik haziko denez, esan moduan, langabezia-tasak beheraka jarraituko du eta prezioek, berriz, goraka, poliki-poliki, Europako Banku Zentralak nahi duen %2ko mailara hurbilduz.
 
Ekonomia globala hazi egingo dela aurreikusten da? Zenbat?
 
2018rako eta 2019rako aurreikusitako balioak alderatuz gero, datorren urterako hazkunde-aurreikuspenak 2018rako daudenen antzekoak dira; bi hamarreneko dezelarazio txiki bat besterik ez dago. Bestalde, inflazio-tasek patroi bera dute eta balioak 2018koen antzekoak dira. Batez beste, Barne Produktu Gordina %3 haziko da 2019ko urrirako, eta Kontsumo Prezioen Indizeak ere hazkunde-tasa hori izatea aurreikusten dugu garai bererako. Hori bai, herrialde batetik bestera aldeak nabarmenak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak