Abenduaren 5ean hasi eta gaur amaituko den Durangoko Azokaren balorazio baikorra egin du Gerediaga Elkarteak. Aurreikuspenak gainditu egin dituztela diote, giro ona egon dela eta "Azoka beste behin ere euskal kulturaren plaza" izan dela: "Sortzaile, ekoizle eta bisitariak elkartzeko gunea: proiektu berriak sortu,
plazaratu edo erosteko plaza, hausnarketarako eta euskal kulturaz gozatzeko".
Aurten lehenengo aldiz emandako sormen bekaren balorazioa ere positiboa izan da eta aurrerantzean ere sortzaile berriengan arreta jarriko dutela adierazi dute. Ikasleen eguna indartzeko asmoa ere badutela esan dute. Baita bisitari guztientzat inklusibo eta irisgarria izateko urratsak ematen jarraitzen duela.
Salmentak ere onak
Diote, jaso dituzten datuen arabera, "ona" izan dela argitaletxe, editore, diskoetxe, autoekoizle eta sortzaileentzat: "Salmenta aldetik "berdintsua" izan da egun ezberdinen artean, eta kasu askotan euren espektatibak gainditu egin dira. Hainbat argitaletxetan ekoizpenak agortu dira, eta beste urte batzuetan bezalaxe, ilarak sortu dira sortzaileen sinadura jasotzeko. Azokan, beste urte batez, bisitariek sortzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute".
Datu batzuk
Gerediaga Elkarteak jakin arazi duen moduan, egun hauetan 115.000 bisitari baino gehiago joan dira Landako gunera eta Azokako webgunean 41.500 lagunek egin dute kontsulta (gaur arratsaldeko datuak falta dira hor). Azoka zaleen artean 700 inkesta baino gehiago egin dituzte, hainbat datu jasoz: batez besteko gastua, egitarauaren berri duten, zeintzuk diren euren kultur ohiturak eta abar. Horrez gain, Siadecok Azokako unibertsoa osatzen duten beste eragile batzuen datuak ere jaso ditu: erakusmahaiak, Azokako antolakuntza, ostalaritza... Azokak hedabideetan duen eraginaren inpaktua ere aztertuko dute. Azokara garraio publikoan joateko eskaerak ere harrera ona izan duela adierazi dute eta hirugarren autobusa jarri behar izan dutela gaineratu.
Gunez gune
Esan dute gune guztietan jende asko ibili dela aurten. Saguganbaran, esaterako, areto handia beteta egon da saio guztietan, eta txikian antolatutako tailerretan ere itxaron-zerrendak egon dira. Egunik jendetsuenak abenduaren 7a eta 8a izan dira, eta ekitaldirik jendetsuena 'Ene kantak' taldearena izan da. Ipuin kontaketek ere arrakasta handia izan dute, eta haur literaturaz harago, antzerkia, musika eta dantza egon da. Itsaso Gangoitia arduradunaren berbetan, "Gozamena izan da. Gozamena sortzailearentzat, gozamena bisitarientzat, eta gozamena guretzat".
Irudieneaneko arduradun Johana Olabarria arduradunaren iritziz, "harrotasunez esan dezakegu Irudieneak bere txokoa duela Azokan, euskarazko zinemak gero eta ikusle gehiago dituela eta hau urrats bat besterik ez dela". Kopuruei dagokionez, laugarren egunerako aurreko edizioko asistentziak gainditu zituzten, 1.860 pertsona izan zituztelako, azken egunaren faltan. 31 ikus-entzunezko lan proiektatu dira, eta 8 filmetan
aretoa beteta izan dute.
Kabi@n, Wikipediaren ezagutza libreak eta Gamerauntsiaren euskarazko bideoj okoek aretoa bete dute. Horrez gain, hainbat sare sozial eta proiektu interesgarri aurkeztu dituzte, Mastodon kasu. Gorka Julio arduradunak azaldu duen bezala: "teknologia-proiektuen bizitasuna argi gelditu da".
Areto Nagusian, beste urte batez, hamaika elkarte, herri-mugimendu, argitaletxe eta erakundek euren proiektuak plazaratu dituzte, eta hainbat aurkezpenetan aretoa beteta egon da.
Ahotsenean ere balorazioa "oso ona" da, maila kualitatibo eta kuantitatiboetan. Sortzaile berri askok euren lehenengo lana aurkeztu dituzte, bai literaturan bai musikan. Unai Pelayo arduradunak azaldu duenez, "sortzaileak pozik daude, askok esker oneko hitzak bota dizkigute egunotan, eta guk geroz eta
argiago ikusten dugu zeinen garrantzitsua den honelako plaza bat eskaintzea azokak irauten duen egunetan".
Szenatokian 1000 ikusle baino gehiago izan dituzte egun hauetan. Arantza Arrazola arduradunarentzat, "aurten esan dezakegu espazioa finkatuta dagoela eta ezaguna dela arte eszenikoetako gune modura".
Plateruenan ere oso balorazio positiboa egin dute. Ihintza Orbegozoren esanetan, "giro aparta izan dugu gauero eta bai musikariak eta baita publikoa ere oso gustora egon dira". Estilo ezberdinetako kontzertuak
eskaini dituzte, eta perfil ezberdinetako jendea erakarri dute. Anestesiako kontzerturako sarrerak hiru egun lehenago agortu ziren, eta Huntza eta Esne Beltzako kontzertuetan 500 lagun baino gehiago egon zen bakoitzean.