Maila ona eman du Debagoieneko selekzioak Bergara Hiria eskubaloi txapelketan

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko abe. 9a, 15:25
Jokalariak eta entrenatzaileak

Kadete mailako nesken eskubaloiko Bergara Hiria txapelketa jokatu dute gaur goizean Debagoieneko eta Gipuzkoako selekzioek eta Kukullaga taldeak. Bilbokoa izan da talderik onena baina bailarako entrenatzaileak ere pozik txapelketarako propio sortu duten Debagoieneko selekzioak egindako jokoarekin.

Oñati, Bergara eta Arrasateko kadete mailako nesken entrenatzaileek (Jesus Cantero, Xabi Iñurrieta eta Jon Urrutia) sortu dute Debagoieneko maila horretako selekzioa. "Duela hilabete jarri ginen harremanetan hiru elkarteetako kideok eta hiruron artean sortu dugu taldea. Lau entrenamendu egin ditugu. Lehen hiruretara jokalariak izan zintezkeenak etorri ziren eta laugarrenean aukeratutako hamasei jokalariek egin zuten", adierazi du Iñurrietak.

Nahia Herraez oñatiarra da jokalari horietako bat; gaurko txapelketan Debagoieneko jokalari onenaren saria jaso du. Adierazi du hasieran ez zutela gehienek elkar ezagutzen (taldean zazpi-zortzi bat oñatiarrak dira) baina azkenerako denok egiten zutela denekin berba eta giro polita sortu dela euren artean. Egindako jokoarekin ere pozik zegoen Herraez: "Poza eman dit saria jasotzeak, bai. Uste dut ondo ibili garela, batez ere bigarren partiduan. Beste bi taldeek maila handikoak ziren baina gu ere ondo ibili garela uste dut".

Teknikari bergararrak bat egin du adierazpen horiekin: "Oso urduri zeuden hasieran eta lehen partiduan ikusi da hori, baina bigarrenean, Gipuzkoako selekzioaren kontra, oso ondo ikusi ditut".

Hiru partidu jokatu dituzte txapelketan

Txapelketa antolatzen ibili den Josetxo Muniategi bergararrak esan duen moduan, asmoa da hurrengo lau urtetan ere txapelketa hau egitea: "Udalak eskatu zigun nesken txapelketa bat antolatzea eta federazioak eskatu zigun kadete mailakoa izatea, kategoria horretan egoten dira-eta baja gehien emakumezkoen eskubaloian. Bost urterako akordioa egin dugu eta hurrengo urteetan ere abenduko asteburu berean jokatuko dira. Debagoiena eta Gipuzkoako selekzioak hartuko dute parte eta hirugarren taldea beste bat izango da".

Gaur goizean jokatu den Bergara Hiria eskubaloiko txapelketa Bilboko Kukullaga taldeak irabazi du. Txapelketako jokalari onenaren saria Gipuzkoako selekzioko atezain Nora Zabalak jaso du eta Debagoeieneko jokalari onenaren saria Nahia Herraez oñatiarrak.

 Partiduko irudiak eta adierazpenak Goiena Telebistako Harmailatik saioan botako dituzte bihar, astelehena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak