Gizarte Zerbitzuen mapa berriaren barruan 869 plaza sortuko dituela iragarri du Foru Aldundiak

Goiena 2018ko abenduaren 7a

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gizarte Zerbitzuen mapa berria aurkeztu du eta honen arabera 2018 eta 2021 urte bitartean 869 plaza sortuko ditu. Hau da, datozen lau urteetan urtean 217 plaza berri. Berrikuntza honek 75 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du.

Gipuzkoako zazpi eskualdeetako gizarte zentroetan, egoitzetan eta eguneko zentroetan banatuko dira plazak: 446 plaza mendekotasunerako, 155 desgaitasuna duten pertsonentzako, 118 buruko gaixotasuna dutenentzako, 100 inklusiorako eta indarkeria matxistaren biktimentzako, eta 50 babesgabezian dauden adingabeentzako.

Proiektu zehatzei dagokienez, Pasaiako Adinberri zentroa abiaraztea, Irunen zentro berri bat sortzea, eta Lasarte-Oriako egoitza handitzea dira Gizarte Zerbitzuen mapa berriaren proposamenetako batzuk. Eremu soziosanitarioan, berriz, egoitza unitate berri bat sortu eta 4 laguntza etxebizitza zabalduko dituzte. Gizarte inklusiorako, berriz, Bidasoan eguneko arreta zentro bat eta Donostian zerbitzu soziosanitario bat sortuko dituzte. Eta, azkenik, babesik gabeko haurtzaroan emantzipazioa programa indartuko dute. Eustatek egindako ikerketen arabera, bizitza itxaropenak gorako joera izaten jarraituko du eta 2021ean esaterako, gizonezkoentzat 81,8 urtekoa eta emakumentzat 87,52 urtekoa izango dela kalkulatzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak