Ander Muruak Santamas eguna borobildu gura du

Xabier Urtzelai 2018ko abe. 5a, 18:00

Pilotari arrasatearrak Bankoa DV Torneoko finala jokatuko du hilaren 22an Zarautzen: "Goizean ezingo dut herrian egon finala daukadalako, baina arratsalderako txapelarekin etorri gurako nuke", dio. Promesa mailan dihardu, Elizegirekin batera.

Uarkapeko pilotalekua inauguratu eta hilabete gutxira jaio zen Ander Murua (Arrasate, 2000): "Gurasoen etxea frontoi ondoan dago, horrenbestez, egun osoa egiten nuen pilotalekuan", dio. Gertutasun horretatik harago, etxean pilotarekiko duten zaletasunak ere izan zuen kulparik: "Aita pilota-zalea da, eta osabek gaztetan ere pilotan egin zuten. Imajinatzen dut horrek ere eragina izango zuela nik ere pilota aukeratzeko".

Bada, Arrasateko harrobiko harribitxietako bat –gaur egun Bergarako klubean dago– dagoeneko amateur mailara gerturatzen dabil, eta badabil nabarmentzen: "Oraindik asko dut hobetzeko, aurrelaria izateko defentsa lanean, batez ere. Kontrara, uste dut tantoa amaitzeko erraztasuna daukadala, eta aurrean jokatzeko hori ezinbestekoa da".

Bankoa DVko finala, 22an

Santamas egunerako Ander Muruak badu Arrasateko azokatik buelta bat ematea baino plan hoberik. Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko dituzte Bankoa DV Torneoko finalak, eta promesa mailan Elizegirekin batera txapela janzten ahaleginduko da: "Ederra izango litzateke txapela Arrasatera ekartzea. Ez dakit partidu ostean zuzen etorriko garen, ala Zarautzen geratuko garen bazkaltzen, baina izan dadila txapela jantzita".

Bada, Muruak eta Elizegik Bergaran hasi zuten torneoa, final-zortzirenetan: "Aristegi eta Malasetxebarria izan genituen lehenengo partiduan aurrean, eta asko kosta zitzaigun lehenengo norgehiagoka hura irabaztea. Gogoan dut urduri geundela, torneoa hasi berri, lehenengo partidua... Baina, bizkaitarrei 22-17 irabazita aurrera egin genuen".

Ondorengo bi kanporaketak errazago gainditu dituzte: "Gutierrezen eta Olidenen kontra 22-6 irabazi genuen, eta finalerdietan Alberdi eta Ibarloza ere 22-6 hartu genituen mendean. Egia esan, nire bikote Elizegi momentu ikusgarrian dago. Kantxatik kanpora oso ondo konpontzen gara, eta kantxan partiduak dominatzen dabil. Hori aurrelari batendako oso garrantzitsua da".

Donostian ikasi, Zarautzen bizi, Tolosan entrenatu

Gipuzkoan barrena aurrera eta atzera ibiltzen da Murua: "Donostian nabil ikasten, baina aste barruan Zarautzen bizi naiz, eta Tolosan entrenatzen dut". Hori gutxi balitz, asteburuak Arrasaten egiten ditu, eta jokatu Bergarako klubeko elastikoarekin egiten du: "Irakasle ikasketak eta Soin Hezkuntzako ikasketak egiten dabil, batera, baina pilotan ere bidea egin gura du: "Ederra izango litzateke Mendizabal III.a edo Rezusta pilotariak egiten dabiltzan bidearen erdia egingo banu". Lanean jarraitu behar, horretarako.

Domekan, Euskal Herriko Torneoa

Euskal Herriko Kluben Arteko Torneo Nazionalean hartuko dute esku Bergarako pilotariek. Bada, Bergarako klubeko ordezkari Julen Aranburuk eman ditu xehetasunak: "Aurre faseko kanporaketa dugu domekan [11:00] Galdakaoko Adiskide klubaren aurka. Hiru partidutako jaialdia izango da eta aurrera egiteko bi irabazi behar dira". Murua –Lau t'erdian–, Muguruza –Buruz Buru–, eta Etxaniz-Gartzia –Binaka– izango dira Bergara ordezkatuko dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak