Ttap aldizkari digitalak Durangoko Azokari eskainitako zenbaki berezi bat argitaratu du, Durangoko 53. Liburu eta Disko Azokaren informazio guztiarekin. Gailu mugikorretarako bereziki diseinatutako agerkariak bere formatuarekin esperimentatzen jarraitzen du, eta zenbaki honetan Azokaren mapa interaktibo bat ere sartu du, gunez guneko informazioarekin eta gune bakoitzaren arduradunari ahotsa emanda.
"Ahalegin berezia egin nahi izan dugu Ttapen zenbaki berezi hau Azoka bisitatu nahi dutenentzako tresna praktikoa izateko", adierazi du Monika Belastegi aldizkariaren zuzendariak. Horren ildotik, aldizkariaren zatirik handiena Azokaren mapa interaktibo bat da: gune bakoitzean ttap eginez gero, haren programazio osoa kontsultatu daiteke, gunearen arduradunaren bideo-aurkezpen labur batekin.
Gainera, azken asteotan aldizkaritik pasatu diren hainbat kolaboratzaile eta elkarrizketaturen liburu eta disko gomendioak ere jaso ditu aldizkariak bideo formatuan. Belastegiren hitzetan laguntza handia emango du: "Ttapen monografiko honekin GPS moduko bat egin dugu, Azokan galduta ez ibiltzeko, ez fisikoki ezta liburu, film edo disko aukeraketari dagokionez ere".
Edonorendako eskuragarri Ttap
Ttap aldizkari digitala uztailean jaio zen, Kataluniako Esguard astekariaren eta Euskal Herriko Anboto, Baleike, Goiena eta TOKIKOMen arteko elkarlanetik. Astero argitaratzen da, debalde, iOS zein Android sistemarekin dabiltzan gailu mugikorretarako, eta testuzko zein ikus-entzunezko eduki interaktiboak erabiltzen ditu oinarri gisa. Eskuratzeko, doako aplikazioa deskargatu behar da Google Play zein iTunes aplikazio dendatik.