Shot!-en aldeko bigarren kontzertua urtarrilaren 5ean izango da

Shot! grabazio estudioa berriro abian jartzeko dirua biltzeko asmoarekin bigarren jaialdia egingo dute Ishot!u izenaren bueltan. Oraingoan Arrasateko kiroldegian izango da, urtarrilaren 5ean (19:00), eta beste behin, euskal talde ezagunen babesa izango du Iñaki Bengoak.

Maiatzean erre zen San Andres auzoan Bengoak duen Shot! estudioa. Eta hura berriro abian jartzeko lanetan dihardute hainbat lagunek. Oraingoan honako taldeak eta musikariak elkartuko dira: Itziarren Semeak, La Furia, Soziedad Alkoholika, Glaukoma eta Pikete Lerroa –Fermin Muguruza eta Des-Kontrol taldearen proiektu berria–. 

Jaialdia eskerrak emateko ere baliatu gura dute: "Shot! estudioko arduradunen eta Shot! lagunak osatzen dugunon partetik eskerrak eman nahi dizkizuegu zoritxarreko sutea gertatu zenetik emandako babes guztiagatik... musika zale, musika talde, soinu teknikari, hedabide, Udalari zein bestelakoei... zerrenda oso luzea da". Era berean datorren urtean lanean egotea espero dute: "Zuen bultzadari esker Shot!en sugarrak piztuta jarraituko du eta 2019an berriro lanean egongo gara berriro. Horregatik, nahiko genuke urtarrilak 5ean Arrasaten egingo dugun jaialdi handi hau guztiondako ospakizuna eta eskertza ere izatea". 

 

Sarrerak salgai

Sarrerak salgai daude Arrasateko honako tabernatan: Irati, Taupa, DAT eta Osorik. Baita on-line ere hemen. Aurrez erosiz gero 15 euro, eta leihatilan, 18 euro.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.