Jardunaldiak azaroaren 22an egin zituzten Donostian. "Azken urteotan hainbat erakundek argitara eman dituzten zenbait ikerketek ohartarazi dute euskal gizartean bazterkeriaren arriskura daramaten egoerak indartzen ari direla. Honekin batera hezkuntza-sisteman inklusioaren aurka doazen desoreka nabarmenak ematen ari dira ikastetxeen eta sareen artean, aukera berdintasuna oztopatuz. Aztertu dugu egoera horretan zertan hobetu behar dugun gure hezkuntza-sistema benetako justizia sozialera bideratuta egoteko; zenbateraino dira inklusiboak gure ikaskuntza-prozesuak, zeintzuk dira gure hezkuntza sisteman aukera berdintasuna eta ekitatea eragozten duten faktoreak, besteak beste".
Azterketa horretarako ospe handia duten hainbat hizlariren eta ikertzaileren laguntza izan dute; horien artean izan dira honako hauek: Javier Murillo (UAM Unibertsitateko irakaslea), Francisco Luna eta Gonzalo Larrucea (Hezkuntzan adituak) eta Xabier Bonal (UAB Unibertsitateko irakaslea).
Kohesio sozialerako Euskal Eskola Publikoaren proiektuaren gainean ere eztabaidatu zuten lan-taldeetan. "Benetako egitarau interesgarria izan da honelako gai sakonaren aurrean hausnarketa egiteko".