"Gehiago merezi izan dugula uste dut. Aurreko astean ere gol goiztiar bat sartu ziguten, eta ezin buelta eman, eta gaur gauza bera. Ondo ari gara lanean, eta sentsazioak ez dira hain txarrak, baina emaitzek ez digute laguntzen", azaldu du Paul Valgañonek, Bergarako jokalariak –bi hilabete lesionatuta daramatza, eta harmailatik ikusi du partidua–.
Txanponaren beste aldean, pozik agertu da Beñat Illarramendi UDAko jokalaria, etxetik kanpo lortutako lehenengo garaipenaren ostean. "Hemen beti da zaila irabaztea, eta derbia izanda, are gehiago. Pozik gaude garaipenarekin, eta ea horrela jarraitzen dugun", adierazi du.