Bertaratu zirenek Tony Nadal eta Alvaro Neil bezalako ahots ezagunak entzuteko aukera izan zuten eta baita eta lehen sektorea ogibide aukeratu duten bost gazteren testigantzak ere.
500 herritatik gora bertaratu ziren jardunaldira eta euskal erakundeetako hainbat ordezkari ere bertan izan ziren tartean Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua, Ainhoa Aizpuru.
Lehen sektoreko eragileak lurraldeko landa ingurunearen etorkizunari buruz egiten ari diren parte-hartze prozesuaren barruan, hasi zuen iaz bere ibilaldia jardunaldi honek. Batez ere, lehen sektorea ikusgarri egiteko sortu da, sektore horrek Gipuzkoako gizartearen ongizateari eta Gipuzkoako paisaia eta natur ingurunea kontserbatzeari egiten dion ezinbesteko ekarpena aitortzeko xedez.
Aurten antolatzen den Gure Lurra 2 topagunean nekazaritza sektorean gazteen egoera eta belaunaldi aldaketa jorratu dira gehien bat. Izan ere, Markel Olanoren esanetan Gipuzkoan nekazaritza sektoreak daukan erronkarik handienetarikoa belaunaldi aldaketa da, hau da, gazte berriak nekazaritza sektorean barneratzea.
Diputatu nagusiak gaineratu zuen horretarako sektore honetako jarduerek errentagarritasuna badutela eta baserritik edo nekazaritza jardueratik bizimodu duin bat lor daitekeela demostratu behar dela.
Amaitzeko diputatu nagusiak esan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela ulertzen XXI. mendeko Gipuzkoa bat nekazaritza sektorerik gabe, baina horren arriskua badagoela. Ondorioz, 2004. urtean gazte plana jarri zuten martxan, eta horri esker, lehen sektorean lan egin nahi duten gazteek, hau da 40 urtetik beherakoek, 5 urtean diru-laguntza bat jasoko dute beraien ideiak eta asmoak gauzatu ahal izateko. Beka hau 70.000 euroraino irits daiteke.