Elikagaien urteko bilketa, beharra dutenentzat

Amaia Zabala 2018ko aza. 23a, 13:58

Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, elikagaien urteko bilketa handia egingo dute eta Bergarako Elikagaien bankuak boluntarioak behar ditu; izena emateko, 943 76 21 90 telefonora deitu edo 'bergara@bancoalimentosgipuzkoa.org' helbidera idatzi behar da.

"Urte sasoi honetan egiten dugu beti bilketa handi hau, eta urteko garrantzitsuena izaten da, gure biltegiak janariz gehien hornitzen dituena, hain zuzen", dio Jose Antonio Agirrebeñak, Bergarako Elikagai Bankuko arduradunak. Gipuzkoan 82 dendatan egingo dute bilketa, eta, horietatik, 40ren kudeaketaz Bergarako Elikagai Bankua arduratuko da, Goierri, Debagoiena, Debabarrena, Urola Garaia eta Urola Kosta eskualdeetako bilketez, hain zuzen; eta, jakina, boluntarioak deitu dituzte.

 

Gipuzkoako 82 saltokitan

Gipuzkoako 42 udalerritan egingo da bilketa eta horietatik sei Debagoienekoak dira: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Oñati, hain zuzen. Eskualdean bilketa egingo duten saltokiak honako hauek dira: Eroski, BM, Carrefour, Dia, El Corte Ingles, Lidl eta Super Amara.
 
Aurten ere, iaz bezala, laguntza emateko bi modu egongo dira: janaria zuzenean bilketako kaxetan utziz edo gero eta indar gehiago hartzen ari den eta erosketak ordaintzeko kutxan eska daitezken dirulaguntza bonuen bitartez. "Bonu hauek oso garrantzitsuak dira guretzat; izan ere, esnea bezalako elikagaiek oso epe laburra dute eta berehala banatu behar ditugu. Aldiz, diru-laguntza bonuen bitartez, beharrezkoa dugunean erosi eta banatzen ditugu", gaineratu du Agirrebeñak.
 
Asteartean Donostiako Londres Hotelean emandako prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, aurtengo elikagai bilketako irudia Donostiako Delteco GBC saskibaloi taldea izango da.
 

Bildutako elikagaien prozesua

"Bi egun hauetan bildutako elikagaiak edukiontzietan iristen dira biltegira eta boluntarioak hauek sailkatzeaz eta inbentarioa egiteaz arduratzen dira. Ondoren, urte osoan zehar, herri bakoitzeko arduradunek biltegira hurbildu eta janari premia dutenei banatzen dizkiete", argitu du Bergarako biltegiko arduradunak.
 
2017an, esaterako, Gipuzkoan, 2.500 tona elikagai baino gehiago banatu zituzten; dena den, arduradunek jakinarazi dute urtez urte elikagaien eskaera egiten dutenen kopurua jaistenari dela eta, ondorioz, onuradun bakoitzak jaso duen elikagai kopurua igo egin dela: 130 kilo, batez beste, Europako bankuen gehiengoaren gainetik. Gipuzkoako Elikagaien Bankuak egunerokotasunean 216 eta kanpainetan 1.750 laguntzaile ditu.
 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak