'Eee!ntzun' proiektua Arrasaten hasiko da

Jokin Etxebarria 2018ko aza. 23a, 09:43
'Eee!ntzun' proiektuaren 'haka' dantzatzen

Eskola kirolaren balioak goraipatzea helburu duen proiektuak Arrasaten egingo du lehen geldialdia, bihar, azaroak 24, Biteri plazan, 12:00etan. Bertan izango dira Imanol Agirretxe, Xabi Prieto eta Goazen telesaileko aktoreak, besteak beste

Arrasate aukeratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Eee!ntzun proiektuaren lehen ekitaldia egiteko. Bihar izango da, azaroak 24, zapatua, Biteri plazan, 12:00etan, eta bertan izango dira, besteak beste, Imanol Agirretxe eta Xabi Prieto Realeko futbolari ohiak, Malen Ruiz de Azua pertika jauzilaria eta ETBko Goazen telesaileko protagonistetako batzuk.

Eee!ntzun proiektua 2017-2018 ikasturtean jarri zuen martxan Aldundiak, eta eskola kiroleko balioak goraipatzea du helburu. Lehiakortasun hutsetik ihes eginda, familia eta bestelako ikusleen arreta bereganatu nahi du, haurrek eskola kirolaz disfrutatzeko duten eskubidea mahai gainean jarrita. Ikasturte berri honetan, proiektu bera bultzatzen jarraitu nahi du Foru Aldundiak, eta, horretarako, ekitaldi batzuk antolatuko dituzte Gipuzkoako hainbat herritan. Horietatik lehena Arrasate izango da eta 600-700 neskamutil batzea espero dute. Gero etorriko dira Eibar, Tolosa, Irun, eta abar.

Zeelanda Berriko 'haka'

Kirol instalazioetako harmailetan izan ohi diren oldarkortasun eta indarkeria gertaerei aurre egiteko nahiarekin jaio zen, egoera horietan gehien sufritzen dutenak haurrak baitira. Ekimenaren asmoa da eskola kirolean parte hartzen duten haur eta gaztetxoak protagonista bihurtzea.

Eta, hain zuzen, Zeelanda Berriko errugbi selekzioak ezagun egin zuen dantza hartu zuten ardatz: haka. Dantza horrekin, kontrarioari aurre egiteko prest daudela erakutsi nahi izaten dute. Eee!ntzun proiekturako Goazen telesaileko protagonistek prestatu zuten dantza berezia eta bideoklipean Gipuzkoako kirolari ezagunenek hartu zuten parte.

Zapatuan, haka hori dantzatuko dute Arrasateko Biteri plazan, bideoko protagonistetako batzuekin, hasiera ekitaldian Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Denis Itxaso Foru Aldundiko Kiroletako diputatuak egingo duten hizketaldiaren ondoren. Ekitaldia amaitutakoan, dantzan parte hartu duten haur guztiei oroigarri bat banatuko diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak