Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Gunean izan zen topaketa. Ordezkari instituzional gisa, parte hartuzuten Markel Olano diputatu nagusiak, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko zuzendariak eta Miren Elarresta, Berdintasunerako Organoaren zuzendariak.
Haiekin batera, mahaiaren bueltan eseri ziren Txaro Arteaga (Emakunderen lehen zuzendaria), Marisa Sarriá (Lilatoi lasterketaren sustatzailea), Julia Fernández (Aspegiren fundatzaile eta lehen lehendakaria) eta Arantzazu Zugasti (Gipuzkoa mailako egunkari baten lehen emakumezko zuzendaria).
Diputatu nagusiaren esanetan Switzerren bizipenak erakusten du "mugak gainditzea posible" dela eta, maiz, muga eta arau horiek ez daudela idatziak. Hala, "gizonen eta emakumeen arteko berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko bidean, aurre egin beharreko trabak kulturalak eta egiturazkoak direla sarri".
Switzerrek bere aldetik, lau hamarkadatik gora berdintasuna sustatzeko eta kirolaren bitartez espazio berriak bereganatzeko egindako lanaren berri eman zuen.
Emakumeak bakarrik ez sentitzearen eta komunitatearen babesa izatearen garrantziaz ere mintzatu zen eta azkenik belaunaldi berriei lekukoa hartzeko deia luzatu zien.