Kanarietako, Extremadurako, Galiziako ikastetxe bana eta Arizmendi ikastola izan dira izendatuak gaur, azaroak 13, Madrileko Teatro Españolen egindako ekitaldian. Izendapenaren atzean ibilbide luzea dagoela adierazi dute Arizmendiko kideek, 456 eskolen behaketarekin eta hautaketarekin hasi zena hain zuzen ere. Azken txanpa urriaren 10ean izan zen, azalpen eta kontraste prozesua, zortzi aditurekin eta 32 behatzailerekin. Azken erabakia hartzeko zazpi irizpide hartu zirela kontuan adierazi dute: bisio eraldatzailea, ikaskuntza aktiboa, berrikuntza, eragina, ekipoa, jarrera irekia eta proiektu integrala.
"ASHOKA sarean aritzeak Arizmendiren konpromisoa areagotzea dakar, hezkuntzan ikastolek eginiko ekarpen eraldatzailea ezagutarazteko, eta -aldi berean- beste testuinguruetatik datozen ekarpenez ikasteko eta hobetzeko obligazioa", adierazi dute ikastolako kideek.
Arizmendi kooperatiba integrala da; 3.203 ikasle, 4.504 guraso, 246 profesional, 696 lankide, 6 entitate kolaboratzaile eta 276 begirale ditu.