“Erritmo azkarregian hasi naiz eta erregulatzen ez dut asmatu, kosta egin zait”; “Beroarekin disfrutatzea zailagoa egiten zait”. Endika Donnayren eta Saioa Arkonadaren hitzak dira hurrenez hurren, gaur debagoiendarren artean Donostiako Boulevard-eko helmuga pasa dute lehen mutila eta bigarren neska.
1:09:03ko denborarekin iritsi da Donnay eta 31. postuan amaitu du sailkapen orokorrean, baina ez da gustura geratu: “Ordu eta zazpi minutu egiteko gogoarekin nentorren, baina ez dut asmatu, ez naiz eroso sentitu eta uste baino sentsazio okerragoekin amaitu dut”. Antzeko hitzak zituen Saioa Arkonada taldekideak (Goierri-Garaia). Oñatin bizi den zegamarra 17. emakume azkarrena izan da, baina ez ditu sentsazio onak izan: “Nahiz eta marka aldetik ez nagoen disgustura, iaz baino bi minutu gehiago bakarrik egin baititut”.
Gustura amaitu duena, berriz, lehen emakume debagoiendarra izan da. Maider Uribe bergararrak Antxintxika krosean bigarren amaitu zuen eta gaur Donostiako helmugan 16. izan da 1:23:02 denborarekin: “Mutil-lagunarekin batera egin dut korrika eta disfrutatu egin dut”. Ez da bikoteka edo taldeka lasterka aritu den bakarra. Batzuek, plana aurretik egina zuten eta auto desberdinetan joan badira ere, 20 kilometroak batera egin dituzte. Beste batzuek, autobusean elkarrekin egin dute topo eta herri desberdinetakoak izanda ere, batera hasi eta amaitu dute proba.
Beroa zegoen iragarrita aurtengo Behobia-Donostia lasterketarako “Antolakuntzak mezu bat bidali zigun atzo bero-kolpea egon zitekeela esanez”, aipatu du Ander Jausoro oñatiarrak.“Gaurkoa bezalako egunetan hidratazioa oso garrantzitsua da eta horrelako lasterketa batean gehiago”, esan du Miren Apraiz arrasatearrak; Mikel Ruiz oñatiarrarari gertatutakoa adibide: “Hego-haizearekin eztarria sikatu egin zait”. Euria egin ez duelako poztu denik ere bada, Bergarako Hanka-Labanka roller taldeko Joxu Arana, esate baterako: “Patinekin gabiltzanontzat aldapa behera joatean, euria egin edo ez, ez gara berdin ibiltzen eta euri gabe erortzeko arrisku gutxiago izaten dugu”.