Karguak onartutakoan egingo da kide berri horien inbestidura hurrengo osoko bilkuran, 2019ko udaberrian. Gaur egun, 83 kide ditu akademiak: 61 hautetsi, zazpi berezko eta unibertsitateetako errektoreak dira, bost ohorezko kide, kasu honetan unibertsitateetako errektore ohiak. Eta hamar kide urgazle gazte, akademiak hautatuak erakundearen diziplina anitzeko ikuspegia aberasteko eta Jakiunderen misioari belaunaldi arteko ikuspegi batez heltzeko helburuz. "Guztiek erakutsi dute bikaintasuna euren ibilbide profesionalaren hasieratik", adierazi dute ohar bidez.
Daniel Innerarity Politika eta Gizarte Filosofiako Katedraduna da, eta 36 urte bete ditu irakaskuntza eta ikerketa-lanean Espainian, Alemanian, Suitzan, Italian, Kanadan, AEBetan eta Frantzian. Gaur egun, EHUko Ikerbasque-ko ikertzailea da, eta Globernance Gobernantza Demokratikorako Institutuko zuzendaria, baita part time irakaslea ere Europako Institutuan, Florentzian.
Ana Zubiaga, genetika arloko katedraduna da, eta irakaslea gradu eta graduondoko ikasketetan. 5 seiurteko bete ditu ikerketan eta sei bosturteko irakaskuntzan. Tuftseko eta Harvardeko unibertsitateetan garatu zuen graduondoko bere ikerketa-lana, eta minbiziaren garapenean inplikatutako geneen erregulazioaren azterlanean espezializatu zen bertan.