Leintz Arizmendi da faborito, baina derbia da

Xabier Urtzelai 2018ko aza. 9a, 10:27
Arizmendik eta Bergarak duela bi urte Ibarran jokatutako derbiko une bat.

Azken urteotan kategoria ezberdinetan lehiatu ondoren, domekan (12:30, Mojategi) zein baino zein gehiago izango dira ostera ere Leintz Arizmendi eta Bergara. Aurrekoen multzoan egon gura dute Leintzekoek; mahoneroen helburua, berriz, mailari eustea da.

Sortu berri duten kategoria berrian –Ohorezko Erregionala– lehiatuko dira domekan Leintz Arizmendi eta Bergara (12:30, Mojategi), eta, derbi horri begira, Leintzekoak dira faborito: "Egia da jokalari batzuek taldea utzi dutela, baina iazko blokearen %80ri eutsi diogu, eta aurreko lau talde indartsuenen multzoan egon beharko genuke", dio Andoni Ezkurra entrenatzaileak. Oraingoz, aurrekoen multzo horretan dago Leintz Arizmendi; izan ere, jokatutako sei partiduetatik lau irabazi ditu. 

Reala, Eibar eta Añorga dira beste hiru talde horiek, eta, hain zuzen, horien guztien kontra dagoeneko jokatu du Bergarak: "Sailkapenak ez du erakusten Bergararen benetako gaitasuna, talde gogorrak izan dituzte sei jardunaldi hauetan, eta, derbia izanda, kontu handiarekin zelairatuko gara", gaineratu du Ezkurrak.

Mahoneroek talde gaztea dute 

Bergarako taldeko entrenatzaile Manu Diazek garbi du domekako derbiari begira zein den faboritoa: "Leintz Arizmendi talde indartsua da, eta hainbat jokalari bolada onean dabiltza. Esate baterako, Lore Etxeandia golak sartu eta sartu dabil. Baina egia da horrelako partiduetan edozer gerta daitekeela". 

Bergarak ere hainbat jokalari garrantzitsu galdu ditu iaztik hona, eta jokalari gazte batzuk igo dituzte lehenengo taldera: "Neska mordoa ditugu eta bi talde sortu ditugu, horrekin gaude pozik. Baina bai, Ohorezko Erregionala sortu berri duten kategoria da, eta mailari eustea da gura duguna, horretan saiatuko gara. Orain arteko partidu gehienak goiko taldeen kontra jokatu ditugu, baina hori ez da gure liga, horiek beste maila bateko taldeak dira. Ondoren etorriko dira gure mailako taldeen kontrako partiduak, eta hor batu beharko ditugu puntuak". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak