Euskal musika sustatzen duen lehiaketa da Banden Lehia. Azkue Fundazioak antolatuta banda amateurrik onena saritzea du xede, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.
Hamargarren edizioan hamalau talde elkartu dira, eta epaimahaiak erabaki du zeintzuk izango diren finalean: Maruri-Jatabeko Dekot, Azkoitiako Zizel eta Donibane-Lezoko Nau. Laugarren taldea publikoak aukeratu du, 8.820 boto jaso dituen Belatz, hain zuzen ere.
Hamargarren edizio honetan aniztasuna nagusi izan da Azkue Fundazioko ordezkarien esanetan: "Bai jatorri aldetik eta bai musika estilo aldetik ere. Lehenengoari erreparatuz, Hego Euskal Herriko taldeez gain, aurten ere, iparraldeko talde batek eman du izena. Eta estiloari erreparatuz, askotarikoa izan da aurkeztutako taldeek jotzen duten musika: rocka, folka, industriala, metala, alternative punka, popa, countrya…"
Banden Lehiaren finala azaroaren 17an jokatuko da Bilborocken, 17:30ean hasita. Lau taldeek zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte eta bukaeran erabakiko du epaimahaiak zein den irabazlea. Taldeek publikoaren laguntza beharko dute, berriro ere, euren aldeko
botoak eskuratzeko.
Finalera edonor gerturatu ahal izango da, doan gainera, eta lau talde finalistekin batera beste hauek ere izango dira: Haxotz, Larregi, Zazkel, Aneguria eta Ze esatek!