Sun magoa: "Sorpresa, harridura eta tentsioa eragingo ditut Espaloia kafe antzokiko magia ikuskizunean, zapatuan"

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urr. 31a, 10:00
Sun magoa eskapismo trikimailua egiten.

Iñaki Ruiz de Galarreta gasteiztarra da Sun magoa. Ahalmen ulergaitzak dituzte magoek eta Sun magoak zur eta lur utziko ditu ikusleak zapatuan Espaloian egitekoa duen ikuskizunean. Sarrerak salgai daude Elgeta.eus atarian zein El Rincon de Lola tabernan.

Adin guztiendako ikuskizuna ekarriko duzu Elgetara?

Bai, familia osoarendako da. Ilusio handiak egingo ditut, eta saioan elkartuko ditut bertan azken hamarkadan sortzen joan naizen trikimailu ikusgarrienak. Amaieran, 500 litro ur dituen edukiontzi batean sartuko naiz lotuta eta kateatuta, eta ihes egiten saiatuko naiz. Nik bakarrik egiten dut trikimailu hori Espainia mailan.

Mago ezaguna zara: Harri Houdini antzezten duzu Club Houdini telesailean, eta estatu mailako sari bat ere jaso duzu.

Bai. Beste trikimailu batengatik eman zidaten saria, eta hori ere ikuskizunean dago. Umoreak eta gertuko magiak ere izango dute tartea Espaloiko saioan.

Publikoak parte hartzeko aukera izango du?

Behin baino gehiagotan! Gustatzen zait emozioekin jolas egitea. Sorpresa, harridura, tentsioa eta beldurra eragiten ditut saioan. Neurrian, noski!

Aste bukaera berezia da hau arima herratuendako. Haiekin ere egiten duzu jolasean?

Saiatzen naiz. Gauzak ondo bidean arima herratu horietako bat gure artean izango da ikuskizunean. Ea egoera kontrolpean mantentzen dugun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak