Aitor Mimenza eta Marisol Ramos nagusi Oñatitik Arrasaterakoan

Julen Iriondo 2018ko urr. 27a, 21:54

Garaipen erosoak lortu dituzte Elorriokoak mutiletan eta Oñatikoak nesketan. Endika Donnay eta Unai Ibarra eta Miren Apraiz –aurreko biak bezala Arrasatekoa– eta Maialen Hoyo izan dira bigarren eta hirugarren. Gainerakoan, ederki atera da proba: bi herriak lotzen dituen lasterketaren antolakuntzan arrasatearrek oñatiarrei lekukoa hartu eta noranzkoa aldatuta, parte-hartzeak gora egin du iaztik, eta eguraldia ere portatu da, ateri egon baita irteeratik azken korrikalaria iritsi arte.

AEDk antolatuta, 250 lagunek hartu dute parte gaurko lasterketan. Giroa hotza zen irteeran, baina euria egiteari utzi dio 17:00ak aurretxoan, eta korrikalariak ez dira busti ibilbidean. Proba erritmo bizian hasi da, eta mutiletan azkar nabarmendu dira bizkorrenak. Lehenengo hiru kilometroak elkarrekin egin eta gero, Endika Donayk ezin izan dio Aitor Mimenzari segi, eta hortik aurrera bakarka jardun dute biek. Hirugarren postuan beste arrasatear bat nabarmendu da Elorregi inguruan, bere burua indarrez ikusi eta bakarrik geratu da Unai Ibarra. Eta horrelaxe amaitu dute lasterketa.

Emakumezkoetan, Marisol Ramos jarri da buruan hasieratik, eta horrela eutsi dio amaierara bitartean, bigarrenarekiko eta hirugarrenarekiko tarte politarekin beti. Podiumeko kutxen jabeak, baina, aldatuz joan dira. Ane Zabala arrasatearrak indartsu hasi du lasterketa, eta Elorregiraino bigarren joan da. Inguru hartan harrapatu du Miren Apraizek, eta Arrasatera iritsi baino lehen atzean utzi ere bai. Herrigunera podiumeko postuan sartu da Zabala, baina azken metroetan atzetik zetorren Maialen Loyok ere gainditu egin du. Laugarren postua eta emakume beterano onenaren saria lortu ditu azkenean. Mutiletan, Fernando Nogales izan da beterano onena –sailkapenean bosgarren–.

Oñatiar onenen sariak Sergio Gartziak eta Edurne Elkoroiribek jaso dituzte –beste sariren bat zuten korrikalariak ez dituzte aintzat hartu–, eta arrasatear onenenak Ander Zurbanok eta Leire Balzategik.

Taldeka, Oñatiko Abixaranek eta Arrasateko Biziprestek eskuratu dute saria.

Antolakuntzatik adierazi dutenez, ibilbidearen noranzko aldaketa ere gustuko izan dute, oro har, parte-hartzaileek.

[SAILKAPENAK]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak