'Paintball'-a eta Garaion Sorgingunea bisitatzera

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urr. 26a, 12:04
Paintball-a. Argazkia: Pixabay

Aretxabaletako eta Eskoriatzako gaztelekuetako nerabeek asteburu pasa ederra egingo dute Barrundian (Araba). Izan ere, abentura irteera izango dute; 'paintball' saioa izango dute, aurrena, eta gero, Garaion Sorgingunean pasatuko dute gaua.

Urtero egiten duten irteera da, eta horren helburua da haurrek eta begiraleek elkar hobeto ezagutzea eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako nerabeen arteko harremana sendotzea. Hori horrela, Eskoriatzatik hamabi neska-mutiko eta Aretxabaletatik 19 joango dira, dagozkien begiraleekin. Honela adierazi du Eskoriatzako gaztelekuko Iratxe Arrese begiraleak: "Irteera honen helburua da elkar ezagutzea, denok bat egitea eta asteburu ederra pasatzea. Eguraldi iragarpena, berriz, ez da oso ona astebururako, baina prestatu ditugun ekintza guztiak egingo ditugu, euria egin arren. Paintball-ean, gainera, oso gustura aritzen dira gazteak, eta irteera ekintza horrekin hasiko dugu".

Zapatuan 15:00etan irtengo dira Araba aldera Eskoriatzako eta Aretxabaletako DBHko 1. eta 2. mailetako haurrak, eta, lehenengo, Galarretako Paintball Ibargutxi gunera joango dira. Ostean, Garaion Sorgingunera joango dira, eta bertan egingo dute egonaldia, hango bazter guztiak arakatzeko eta ondo pasatzeko asmoz.

Garaion ezagutzen

Garaion Sorgingunea Ozaetan dagoen sortzaileen eta artisten egonaldietarako espazio bat da, eta bertan, zumezko egiturez sortutako jolasguneaz gozatu ahal izango dute nerabeek. Bertan, txabola, tipia, iglua, tunela, marigorringoa, basket-bola, eta abar daude. Horrez gain, akroyoga eta bestelako kirolak egiteko erabiltzen duten lastotegia ezagutzeko aukera izango dute, eta zirku tailerra egongo da bertan. "Agian, zirku tailerra ikusteko aukera izango dugu, baina, hala ez bada ere, karaokegaubeila ere prestatu dugu; beraz, dibertsioa eta barre algarak ez dira faltako".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak