Bestelako taldea, eta bestelako erronkak

Xabier Urtzelai 2018ko urr. 26a, 11:41

Maila Nazionalera igotzeko borrokan ibiltzetik kategoriari eusteko borrokara pasa da Ford Mugarri Arrasate. Sailkapeneko azken postuan daude, lau partidu jokatuta: "Ez da sorpresa izan, baina erronka polita izango da hau ere".

Herri mailako kirol taldeek ziklo ezberdinak bizi izaten dituzte. Lehen Territorial mailan urte askoan erreferente izan eta gero, Arrasateko taldeak Euskadiko Txapelketara igotzea lortu zuen, eta hor ere urte oso onak egin dituzte, hainbatetan Maila Nazionalera igotzeko borrokan egon diren arte.

Sei jokalarik jarraitzen dute

Zikloak, baina, aldakorrak dira, eta Ford Mugarri Arrasatekoak egokitzapen fasean murgilduta daude, Josu Herrero kapitainak azpimarratu duenez: "Duela hilabete gutxi jokatu genuen igoera faseko taldetik sei jokalarik baino ez dugu jarraitzen, eta horietako bi atezainak dira".

Asier Valle, Iñigo Salterain, Mikel Teran, Luis Bel Jimenez, Iker Zubiaurre eta Josu Herrero dira jokalari horiek: "Orain arte bigarren taldean egon diren jokalariekin osatu dugu taldea, eta horiek bi kategoriako saltoa egin behar izan dute, baina joango gara neurria hartzen. Niretako, pozgarria da entrenatzaile moduan izan ditudan jokalari gazteekin jokatzea. Bai, denok gura izaten dugu aurreko postuengatik borrokan ibili, baina erronka hau ere polita da, eta, eskubaloia gustuko dugunez, orain ere gozatu egiten dugu".

Emaitza positibo baten bila 

Sailkapeneko zenbaki hotzek ez dute beti taldearen benetako egoera erakusten, ez dira errealitatearen erakusle: "Lau partidu jokatu eta laurak galdu ditugu, hori horrela da. Baina ni pozik nago, taldea partidu guztietan lehiakorra izan delako. Esperientzia falta zaigu, eta akats txikien ondorioz joan zaigu partiduren bat edo beste".

Hala, asteburuko kontrario Txikipolit talde zarauztarra ez da egoerari buelta ematen hasteko kontrario aproposena: "Uf, partidu gogorra izango da [domeka, 12:00, Iturripe], iaztik taldea ez da askorik aldatu eta onak dira eskubaloian". 

Fagor Industrial, bigarren postuan

Oñatiko eskubaloi taldea bestelako egoeran dago, eta aurten ere aurrealdeko postuetan egongo den itxura osoa du, ligako lehen hiru partiduetan lortu dutena ikusita. Jokatutako hiru partiduak irabaztearekin batera, lehenengoz hartu dute mendean Basauri talde indartsua. Bihar, 18:00etan, Zubikoan, Ereintzaren kontra jokatuko dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak