Mojategiko kirol instalazioak atleta harrobi ona dira. Egun, bertako gazteek Arrasate Atletiko Taldeko elastikoa defendatzen dute, baina, garai batean –duela 35 urte–, erretratuko protagonistek Juventud Deportiva Mondragonen izenean kirol lorpen galantak egin zituzten.
Estatu mailan ere dominak
Izan ere, euretako batzuk, Euskal Herri mailan marka onak egitearekin batera, estatu mailan ere erreferente izan ziren. Eta ez dago garai hartako bizipenak mahaiaren bueltan gogora ekartzea modukorik. "Egun ederra pasa genuen zapatuan, besteak beste, atletismoaren bueltan bizitako anekdotak errepasatzen eta atleta sarrailagileek lortutako kirol lorpenak gogoan izaten", adierazi du Fernando Zufiriak.
Hala, erretratuko kuadrilla horren artean, Txufi-k hiru atleta nabarmendu ditu: "Atleta horiek guztiek urte askoan defendatu zuten orduan Arrasateko taldea zena, baina Gipuzkoako Federazioak banatzen dituen urrezko ezkurrak jaso zituztenak nabarmenduko ditut. Sari hori Gipuzkoako atleta nabarmenenek jasotzen dute, Gipuzkoa eta Euskadi mailan errekorrak ondu dituztenek".
Hala, nabarmendutako hiru atleta horiek dira Maria Angeles Ancin, Jose Antonio Gay eta Elvira Gamboa: "Maria Angeles Ancinek birritan irabazi zuen brontzezko domina Espainiako 3.000 metroko martxa lasterketan, eta 5.000 metrokoan Euskadiko errekorra lortu zuen. Jose Antonio Gay, berriz, bai pista estalian eta baita aire librean Espainiako txapeldun izan zen 200 eta 400 metroko probetan. Eta Elvira Gamboak 4x400 metroko proban Euskadiko errekorra egin zuen".