Webgune honen bitartez, herritarrak beraien etorkizuneko niarekin elkarrizketatzera gonbidatu nahi ditu Aldundiak eta bide batez zahartzaroari begira gipuzkoarrek dituzten desioak, galderak edo kezkak jakin.
Markel Olanoren esanetan biztanleriaren zahartzeari erantzun positibo bat ematea eta zahartzaro osasungarri bat sustatzea du helburu AdinBerri estrategiak, "beti ere herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetuz".
Jakina da gizartea gero eta zaharragoa dela eta gipuzkoarrak lehen baino urte gehiagoz bizi direla. Markel Olanok gaineratu du, zahartzaroko urte horiek hobeto bizitzea ere badela egitasmo honen helburua.
Esaterako, gaur egun 80 urtetik gorako pertsonak Gipuzkoan 50.000tik gora dira, 2000. urtean zirenaren bikoitza, eta adituek iragartzen dute 2031rako 68.000 izango direla, hau da, % 36 gehiago. Gainera, horietatik 25.800 mendekotasuna dutenak izango dira. "Estimazioek diotenez, 2031rako, 55 urtetik gorakoak gipuzkoarren ia erdiak izango dira".
AdinBerri estrategiaren gizarteratze kanpaina hau urriaren 1ean aurkeztu zuten Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean eta azaroaren 22 eta 23an ospatuko den lehenengo Adinberri Nazioarteko Biltzarrarekin itxiko dute.
Kanpaina honetarako sortu duten FutureNi.eus webgunearen bitartez herritarren partaidetza aktiboa bultzatzea eta herritarrak adineko pertsonen lekuan jartzea bilatu nahi da. Hori dela eta Gipuzkoako Foru Aldundiak webgunea bisitatzera eta norbera hemendik 20, 30 edo 40 urtera irudikatzera gonbidatu ditu gipuzkoarrak: "Zer galdetuko zenioke zure etorkizuneko niari? Eta nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?"