Mujikak nabarmendu duenez, Durangoko Azoka bakarra da, baina aldi berean Azoka asko dira: "DA! bizitzeko modu asko dago. Batek Azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ukitu, bakarren batek laztandu, agian usaindu, edo dastatu, askok irakurri eta beste hainbatek sentitu".
Azokako egitarauan ere aniztasuna presente egongo dela nabarmendu dute gaurko aurkezpenean: kontzertu handiak eta intimoak, antzezlan luzeak eta mikroantzerkiak, proiektu ezberdinen aurkezpenak, kultura digitala, film-emanaldiak, umeentzako tailerrak... Ez hori bakarrik, bertaratzen diren bisitariak edo azokak topatu daitezkeen produktuak ere askotarikoak dira: nobela, saiakera, poesia- liburu, komiki, disko, binilo, ikus-entzunezkoak...
53DA! kartela, Txakur Gorriaren eskutik
Aurtengo edizioaren kartela ere gaur aurkeztu da. Egilea Txakur Gorria sormen kolektiboa da eta Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute taldea. Kartela Landakoko planoan oinarrituta dago eta bertako mugimenduak irudikatzen ditu: sarrerak, irteerak, geldialdiak, orrialdeak pasatzeko keinuak, besarkadak...