Pere Milla, Arrasaten bizi den Eibarko futbolari bakarra

Jokin Etxebarria 2018ko urr. 19a, 00:00
Pere Milla da Arrasaten bizi den Eibar taldeko futbol jokalari bakarra.

Pere Milla, Eibar taldeko futbolaria, maiz ibiltzen da Portaloi inguruan paseatzen 'Moky' txakurrarekin batera. Taldekideek esaten diote Arrasaten aspertu egingo dela; hark, baina, erantzuten du anonimotasunaren lasaitasunean ederki bizi dela.

Seguruenik, batek baino gehiagok ikusi du Pere Milla Mokyrekin Arrasateko alde zaharreko kaleetan paseatzen. Inork gutxik jakingo du, ordea, txakurrarekin lasai-lasai ibiltzen den 25 urteko gaztea, astero, Ipuruako harmailak eta Eibarzaleak gori-gori jartzen dituen lehen mailako futbolaria dela.

Hirugarren urtea du Lleidan jaiotako erdilariak Eibarren, baina aurreko bietan utzita jokatu du Murtzian eta Numantzian. Aurten eman dio Mendilibarrek lehen mailan jokatzeko aukera eta azken partiduetan, gainera, hasierako hamaikakoan izan da. Baina Millak berdeguneak sortzen dituen izar argietatik ihes egin nahi izaten du, behin partidua amaituta. Horregatik, taldekide batzuek esandakoari kasurik egin gabe, Arrasate aukeratu zuen bizileku.

Sorian baino elur gutxiago

"Lleidako herri batekoa naiz ni eta herri giroa atsegin dut", dio, Bilbo, Donostia edo halako hiri batean bizi zitekeela komentatuta. Biel Medinak Gasteiz aukeratzeko esan zion, hiri bat izanda ere herri giroan bizitzeko aukera izango zuelako, baina entrenatzera joateko autorik hartu behar ez izateak gehiago konbentzitu zuen: "Normalean, bizikletan joaten naiz entrenatzera". Gainera, Aitor Fernandez Numantzian taldekide izan zuen atezain arrasatearrarekin hitz egin zuenean, hark argi esan zion: "Sorian dagoen lasaitasuna nahi baduzu, aurkituko duzu, eta elur gutxiago egiten du".

Taldekideek adarra jotzen diote, aspertu latzak hartu behar dituelakoan Arrasaten, baina martxa egon badagoela erantzuten die: "Gogoan daukat Atletico Madrilen aurka jokatu eta gero, afaltzeko toki baten bila nenbilela; taberna baten kanpoan zegoen jendetza, errepidea ere hartuta zeukaten, eta baimen eske ibili behar izan nuen autoarekin pasatu ahal izateko".

Herria bizi-bizi

Herria bizi-bizi dagoela uste du, bere jaioterrian ez bezala, jendea lanetik irtendakoan kalean gelditzen delako etxera zuzenean joan beharrean. "Arratsaldeetan jendea topatzen duzu nonahi, kaleak bizitza dauka". Neskalagunaren eta familiartekoen bisitak jasotzen dituenean, Arrasateko erdigunean ibiltzen dira: "Oso polita da, xarma berezia dauka eta zerbait hartzera joaten garenean giro familiarra topatzen dugu".

Euskaraz "tipula" esaten badaki eta Portaloia eta BAZ ederki identifikatzen ditu. Nahiko itxiak eta oso gureak garela dio, baina gustura bizi da hemen, anonimotasunak ematen dion lasaitasunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak