Ainhoa Lasa: "Eroso egotea da gakoa euskaraz gehiago egin ahal izateko"

Eneko Azurmendi 2018ko urr. 15a, 10:16
Argazkia: Emun.

Non jarri behar dugu arreta euskaraz gehiago egin ahal izateko? hitzaldia egingo du Emun euskal kooperatibako teknikari Ainhoa Lasak eguaztenean, Bergaran. 19:00etan izango da saioa, Irizar jauregian.

Non jarri behar dugu arreta euskaraz gehiago egin ahal izateko?

Arreta jarri behar diogu testuingurua eta egoera ulertzeari, gure gaitasunak ezagutzeari eta gure baitan gertatzen denari, emozioen kudeaketari. Argi eduki behar dut zer egin behar dudan ni eroso sentitzeko, eta, hartara, errazago egingo dut euskaraz.

Zein da hitzaldiaren helburua?

Euskaraz gehiago bizi nahi duen jendearentzako konponbideak edo egiteko moduak bilatzea, dela euskara ikasten ari delako eta bere mundu linguistikoa aldatu nahi duelako edo baita euskara txikitatik jakin eta bere ohiturek erdarara eraman dutelako, eta orain euskara gehiago egitea nahi duelako. Batzuetan, nahiz eta euskaraz egiteko apustua egin, egoera korapilatsuak sortzen dira, euskaraz egitea zailtzen da. Horietan, nola jokatu erabaki behar dugu.

Beti sortuko dira egoera deserosoak.

Hala da, eta egoera zailetan bi gauza hartu behar ditugu kontuan: egoera bera eta gure emozioak. Desberdina da ikaste prozesuan dagoen pertsona baten egoera edo euskara menperatzen duen batena. Gaitasunak garatu ditzakegu egoerak ulertzen, zein aukera daukagun ikusten, bestearen ulermen maila zein den kontuan hartzen. Gogoeta egiteko, gaitasuna garatu dezakegu, erosoago egotekoa. Batzuetan, ezingo dugu euskaraz egin, baina ez da ezer gertatzen.

Presionatuta sentitzea ere ez da kontua.

Eroso sentitzea da gakoa euskaraz gehiago egin ahal izateko. Egoerak, askotan, ezin ditugu aldatu, baina bai egoera horren aurrean daukagun jarrera. Presioak zentzu handirik ez dauka. Aurrean daukadanak euskaraz ez badaki, erabiliko dut beste hizkuntza bat berarekin komunikatu ahal izateko, baina lehenengo hartu beharreko erabakia da nola bizi nahi dudan, eta zein erabilera emango diodan dakidan hizkuntza bakoitzari.

Aurrera begira, mugarri izango da Euskaraldia?

Dena irabazteko daukagu, eta, oro har, erraztu egingo zaigu panorama. Ikasiko dugu ulertzeko saiakera egiten eta dauzkagun aukerak erabiltzen. Askori gertatuko zaigu gure ingurunea euskarara asko etortzen bada, askoz input gehiago izango ditugula euskarara joateko. Joko zelai berri batean egongo gara, eta arau berriak sortuko dira. Gero, gakoa izango da hori denboran iraunkorra izatea. Nik uste jende askok ohiturak aldatuko dituela, eta gehienok egingo dugu olatuak eramaten gaituen erritmora.

Gerturatzen ari dira hamaika egunak. Ze itxura hartzen diozu?

Nik gogo eta ilusio handia sumatzen dut herritarrengan, adin-tarte guztietan gainera. Uste dut guztiok ulertzen ari garela joko zelaia aldatzera doala; guztion buruetan dago espazioa aldatuko dela. Orain jendea ari da pentsatzen nola gauzatu Euskaraldia, eta nola aurre egin sortzen diren egoera ezberdinei.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak