Urriaren 21ean, Urkulu urtegia partaidetzaren, elkartasunaren eta konpromisoaren topaleku bilakatuko da. Kooperatiben arteko Mundukide IV. elkartasun lasterketa egingo da, korrika, ibilkera nordikoz edo oinez. Hiru modalitateetan zazpi kilometroko ibilaldia egin beharko dute; baina lehiakorra korrika egiten dena bakarrik izango da. Hain justu ere, modalitate horretan, kooperatiba bereko hiru kidez osatutako taldeek parte hartuko dute. Interesatuek urriaren 18a baino lehen eman behar dute izena: nork bere lantegian edo Mundukideren webgunean. Lasterketaren egunean ere eman ahal izango da izena, 09:00etatik 10:00etara, Urkulun bertan.
Oñatitik Arrasatera, lehen aldiz
Urriko azken zapatuan, Oñati-Arrasate lasterketa egingo dute. Norazko horretan egiten den lehen aldia izango da. Orain arte Antxintxiketan taldeak izan du proba antolatzeko ardura, baina. Aurrerantzean, AED arduratuko da horretaz. Ibilbideak apenas izango du aldaketarik. Hala, berrikuntza bakarra izango da ez dutela patinatzaileendako lasterketa egingo. Izena emateko: Herrikrosa.eus ataria.
Mikel Crespo memoriala
Egutegian hurrengoa, XIV. Antxintxika Krosa Mikel Crespo memoriala izango da, azaroaren 3an. Soraluze eta Bergara artean egiten den lasterketak hamar kilometro ditu, eta hiru modalitatetan egingo da: korrika, patinetan eta gurpil-aulkietan. Izena emateko Kirolprobak.com atarian sartu behar da