Urri Urizar: "Lasterketa solidarioan parte hartzera dei egiten dugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko urr. 11a, 19:00

Mundukidek "lagunartean eta natura-gune paregabean" goiza pasatzera gonbidatu ditu debagoiendarrak, urriaren 21ean Urkulun jokatuko den den "festa solidarioan" parte hartuta.

Urri Urizar Mundukideko komunikazio arduradunak eman ditu lasterketaren gaineko zehaztasunak.

Zein da Kooperatiben Arteko Mundukide IV. Lasterketa Solidarioaren helburua?
Mozambike, Brasil eta Kolonbiako milaka pertsonaren gaitasun sozioekonomikoa sendotzen jarraitu ahal izateko babesa lortu nahi dugu festa solidario honekin. Hormak jasotzeko eta itsasoak zabaltzeko hautua egiten dutenen aurrean, Mundukiden, tokiko gaitasunak bultzatzeko apustua egin dugu, garapen sozioekonomiko sostengarriarekin konprometitutako pertsona autonomo eta buruaskiak sustatzeko.

Nork har dezake parte?
Kooperatiba guztiei eta kooperatibez osatutako organoak dituzten erakundeetako pertsonei irekia dago lasterketa. Hiruko taldeak osatu behar dira eta hiru kategoria daude: emakumezkoena, gizonezkoena eta mistoa.

Ibilbidea zelakoa da?
Zazpi kilometro luze izango da; hau da, Urkuluko urtegiari buelta ematea da erronka, eta, bestalde, gozamena; izan ere, natura-gune paregabea da.

Zein bilakaera izan du lasterketak?
Lehen edizioa kooperatiben arteko lasterketa izan zen. Iaztik aurrera, berriz, oinez egin nahi duenari eta kooperatibista ez denari ere, Ibilaldi Nordiko eta Ibilaldi Librean parte hartzeko aukera eskaintzen zaio.

Zein ekarpen egiten du parte hartzen duenak?
Izen-ematea 15 euro da eta ikasleek, berriz, 5 euro besterik ez dute ordaindu behar. Lasterketari esker jasotzen den diru guztia Mundukideko programak indartzeko erabiliko da. Mozambike iparraldeko nekazariak, Brasilgo Lurrik Gabeko Mugimenduko langileak eta Kolonbiako Pasto hiriburuko zabor birziklatzaileak dira onuradunak, besteak beste.

Izen-ematea non egin behar da eta zer azpiegitura eskaintzen ditu lasterketak?
Mundukideko webgunean eta lasterketa egunean Otalorako aparkalekuan 09:00etatik 10:00etara bitartean. Parte-hartzaile guztiek istripu-asegurua, Aretxabaletako kiroldegian dutxatzeko aukera, Athlon kooperatibak babestutako kamiseta eta opari zozketaz gozatzeko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak