Bihar, eguaztena, jokatuko dituzte Gazteen Olinpiar Jokoetako kirol eskaladako finalak, eta Mikel Linazisorok ikusle moduan jarraitu beharko du txapelketa. Atzo, astelehena, izan zituzten kanporaketa saioak Buenos Airesen, eta bergararra ezin izan zen fase erabakigarrira sailkatu. Goizean abiadura modalitatearekin hasi zuten txapelketa, eta hor bergararra 8.a izan zen. Ondorengo bi modalitateetan, baina, bergararra ezin izan zen 10 onenen artean egon eta finaletatik kanpo geratu zen.
Japoniarrak, indartsu
Bi urte barru, 2020an, Japonen egingo dituzte Olinpiar Jokoak eta hor izango da kirol eskalada, lehenengoz, olinpiar joko. Hain zuzen, kirol eskaladarako zaletasun handia dago lurralde horretan, eta sekulako harrobia dute. Bada, Buenos Airesen jokatzen dabiltzan Gazteen Olinpiar Jokoetan bistan geratzen ari da lurralde hori urrezko dominen borrokan ibiliko dela, izan ere, bi ordezkari sailkatu dira biharko finaletarako. Hala, abiadura, bouldering eta zailtasun modalitateetan egindako lana batu eta gero, Keita Dohi (Japon), Sam Avezou (Frantzia), Shuta Tanaka (Japon), Petar Ivanov (Bulgaria), Filip Schenk (Italia) eta Yufei Pan (Txina) eskalatzaileak sailkatu dira finalera. Linazisoro, berriz, 17.a sailkatu da.
Pozik egoteko moduko urtea
Mikel Linazisorok ezin izan du Buenos Airesko txapelketan urtea borobildu, nahiz eta 2018a oso emankorra izan den bergararrarendako. Besteak beste, Europako zailtasun txapelketan urrea jantzi du, 20 urtez azpiko Europako Txapelketan azpitxapeldun izan da, Innsbrucken jokatutako kategoria absolutuko Europako Txapelketan lehiatu da eta Gazteen Olinpiar Jokoetan debuta egin du. Eta, hori gutxi balitz, psicobloc modalitatean, Coruñan, Chris Sharma eskalatzaile handia atzean uzteko kapaz izan zen, hain zuzen, psicoblock modalitatea lehenengoz egiten zuen txapelketan. Ez du izango nazioarteko txapelketa baten domina baten balio berbera, baina gozamen ederra hartuko zuen Linazisorok, seguru.