Azken hiru agintaldietan hainbat alditan irten den debatea izan da Antzuolako eta Elgetako biztanleek Bergarako Agorrosin kiroldegia erabiltzeagatik tasa gehigarri bat ordaindu behar izatearena.
Agorrosingo igerileku berriak egiteko, 2006an Bergarako Udalak 2.100.000 euro inguruko diru laguntza jaso zuen Diputaziotik, eta, Bergarako Udaleko Kirol Zerbitzuak azaldu dutenez, diru laguntza lerro hark jasotzen zuen Agorrosinek Bergaraz haragoko zerbitzua eskaini behar zuela; hala ere, diote "zehaztapen handirik gabe" dagoela jasota puntu hori.
2019ko ordenantza fiskalei begira
Ordutik hona, agintaldi ezberdinetan, hainbat negoziazio izan dira. Orain, Bergarak 2019rako ordenantza fiskalak onartu aurretik, Elgetako alkate Iraitz Lazkano eta Antzuolako alkate Beñardo Kortabarria Bergarako alkate Elena Leterekin batzartu ziren irailaren 12an.
Lazkanok eta Kortabarriak uste dute "injustua" dela elgetarrek eta antzuolarrek bergararrek baino tasa altuagoak –"altuegiak", euren ustez– ordaindu behar izatea: "Hiru herrietako biztanleok oinarrizko kirol zerbitzuak baldintza beretan erabili beharko genituzke, Bergarako Udalak Aldundiarekin sinatutako akordioaren arabera. Hainbat saiakeraren ondoren, Aldundiari eskatu genion berma zezala akordioan ezarritakoa, eta erantzuna aldekoa izan da".
Hori horrela, Kortabarriak eta Lazkanok eskatzen dute 2019rako ordenantza fiskalak onartzean Bergarako Udalak berma dezala antzuolarrek eta elgetarrek bergararrek baino gehiago ordaindu behar ez izatea "guztiontzat eraikitako" instalazioak erabiltzeagatik. Bergarako Udalak ez du akordioa horrela ulertzen, eta berriro batzartuko da Diputazioko ordezkariekin. Elena Lete alkateak ez du, oraingoz, gai horren inguruan adierazpenik egin nahi izan.
Bergararrek baino ia %30 gehiago
Bergarako Udalak bere garaian planteatu zion Antzuolari eta Elgetari erabiltzaileen araberako modu proportzionatu baten defizitarioa den zerbitzuari eurek ere aurre egitea, eta orduan ezezkoa izan zen erantzuna, bi udal horiek Agorrosingo kudeaketan ez dutelako parte hartzerik.
Gaur-gaurkoz, ia %30 gehiago ordaintzen dute antzuolarrek eta elgetarrek bergararrekin alderatuta; Bergaran erroldatutako pertsona heldu batek 232 euro ordaintzen ditu urtean eta Bergaran ez erroldatutako batek, berriz, 302 euro.