MUk Euskal Kopa izango du jokoan Santurtziren kantxan domekan (12:00), baina hori ez da albiste, lehenengo jardunaldietan egindako lan onari esker bi talde horiek duela bi astetatik sailkatuta zeudelako; hala, joan den astean Ordiziaren kontra galdutako partidua tramite hutsa izan zen: "Denboraldiaurreko partiduek izaten duten tankera izan zuen, puntu gutxi egin genituen (66-69) eta azken asteotan entrenamenduetako lan-karga kantxan igarri zen, jokalariak freskotasun barik zeudelako. Baina, finalerako txartela dagoeneko poltsikoan geneukanez gauza berriak probatzeko baliatu genuen partidua, eta emaitzarekin ez, baina ateratako ondorioekin pozik geratu ginen", adierazi du taldeko entrenatzaile Iñaki Ogara Arri-k.
Santurtzi, ligako oilarretako bat
Hala, Arri-k garbi dauka etzi Santurtziren kantxan irabaztea ez dela samurra izango: "Baina gure onena ematera joango gara, lehiakorrak izan gura dugu, eta Kopa etxera ekarri gura dugu". Bada, Euskal Kopa poltsikoratzeko borrokan ibiltzearekin batera, txapelketa hau EBA mailan egingo duten denboraldia prestatzeko baliatzen dabiltza arrasatearrak. Urriaren 13an hasiko dute MUkoek liga –hori da benetako helburua– eta Burgosko Unibertsitatea izango da bisitari Iturripen. Hala, aurten, lau talde gipuzkoar izango dira kategoria horretan.