Euskal musika sustatu eta talde berriei hauspoa emateko helburuak dituen lehiaketaren X. edizioa abian da. Hamar urte bete ditu, eta bai taldeen maila eta bai irabazlearentzako sariak asko hobetu dira urte hauetan guztietan.
Botoa Internet bidez
Taldeek Interneten emango dute izena Banden Lehia webgunean eta musika ere han argitaratuko dute. Taldearen jarraitzaileek eta publikoak Internet bidez bozkatu ahal izango du urriaren 30a bitartean. Hala, euren aldeko botoak eskatu beharko dituzte taldeek. Boto gehien lortzen duena finalerako sailkatuko da automatikoki.
Epaimahaiak beste hiru taldeak aukeratuko ditu, eta lau finalista horiek zuzeneko ekitaldian jardungo dute finalaren egunean.
Finala zuzenean
Publikoaren botoei esker sailkatutako taldeak eta epaimahaiak aukeratutako beste hirurek zuzenean jardungo dute. Egun horretan bertan erabakiko da zein izango den Banden Lehia 2018ko talde irabazlea.
Emanaldi horri jarraipena egingo diote publikoak eta epaimahaikideek. Zuzenean bozkatuko du publikoak finalean, eta horren emaitza erabakiaren %40a izango da; beste %60a epaimahaiaren iritzia kontutan hartuta erabakiko da.
Hamargarren edizio honetako finala azaroaren 17an izango da, Bilborocken.
Parte-hartzeko jarraibideak
Banden Lehian parte hartzeko epea zabalik dago urriaren 26a arte. Hona hemen pausoak:
- Webgunean sartu eta "parte hartu" botoia sakatu; taldearen izena eman, inprimakian datuak betez.
- Taldearen musika argitaratu.
- Webgunearen Bandak atalean agertuko da taldea eta musika zuzenean entzungai izango da.
- Jarraitzaileei eta lagunei botoa eskatu.
Sekulako sariak
Hamargarren edizioa sekulako sariekin dator. Hona hemen:
- 1. Bilbao BBK Live eta Euskal Herria Sona'19 jaialdietan jotzea eta disko bat ekoiztea
- 2. Bideoklip bat filmatzea
- 3. Mundaka festival jaialdian jotzea
- 4. 500 euro
Azkue fundazioak parte hartzera gonbidatzen ditu euskal taldeak: "Animatu zaitezte! Aurten sariak inoiz baino desiragarriagoak dira".