Giro bikaina bizi izan da Mojategiko harmailetan Mondra eta UDAren arteko derbia jarraitzeko. Harmaila lepo bete da, eta taldeek ere, intentsitate handiarekin jokatu dute partida.
Ezustekoa eman du Aretxabaletako taldeak Mondrak defentsan eginiko akatsak bikain baliatu dituelako. Horrela heldu da 0-1ekoa, baina Arrasateko taldeak 1-1ekoa azkar lortu du. Hala ere, atsedenaldia heldu aurretik UDAk 1-2koa ezarri du markagailuan, zuri-moreen beste akats larri bat ederki aprobetxatuta.
Bigarren zatiko lehenengo minutuetan berriz ere markagailua berdintzea lortu du Mondrak (2-2), eta berdinketarekin erritmoa apur bat moteldu egin dute taldeek. Hala ere, norgehiagokako azken txanpara gogotsu heldu dira jokalariak eta berdinketa apurtzeko aukera argiak izan dituzte. Horietatik garbiena Aretxabaletako taldeak izan du partidako azken minutuan, baina Mondrako atezainak sekulako gelditua egin du esku bakarrarekin.