"Euskaltegiko giroa oso ona da; lagun artean egongo bagina legez joaten gara"

Anboto 2018ko ira. 26a, 13:14

2001az geroztik irailaren 26an Europako Hizkuntzen Eguna ospatzen da. Egun honetan hizkuntzak ikastea sustatu gura izaten dute. Carol Martin Mendezek (Durango, 1982) ama izan zenean semeagaz euskaraz komunikatu gura zuela argi izan zuen. Horixe izan zen euskara ikasteko behar zuen bultzada. Aurtengoa bere bigarren ikasturtea izango da euskaltegian.

Noiz hasi zinen euskara ikasten?
Joan zen ikasturtean hasi nintzen, eta aurten ere jarraituko dut.

Zerk bultzatuta hurreratu zinen AEKra?
Denbora asko neraman apuntatu guran, baina ez nuen pausoa ematen. Ama izan nintzen eta horixe izan zen erabakia hartzera bultzatu ninduena. Arrazoi horrek animatu ninduen gehien, semeagaz euskaraz berba egin ahal izateak.

Iaz zerotik abiatu zinen ala bazenekien euskaraz apur bat?
Txikitan euskaraz berba egiten nuen, baina praktika faltagatik ahaztu egin zitzaidan azkenean. Ulertu bai, baina ez nuen nire burua berba egiteko gai ikusten. Gero, zer edo zer txarto esango nuen beldurrez lotsa apur bat ere ematen zidan. Beti izan dut euskaraz ondo berba ez egitearen arantza hori.

Etxean euskaraz berba egitea da erronka?
Semea ikasketa guztiak euskaraz egiten dabil, eta neuk ere beragaz euskaraz berba egin ahal izatea garrantzitsua dela uste dut.

Zenbat denbora eskaintzen diozu euskara ikasteari?
Egin dudan ikastaroan, gelara joatea nahikoa da, ez dugu etxerako lanik. Baina nire aldetik libururen bat irakurri eta horrelakoak egin ditut.

Zer eman dizu euskarara berriro hurbiltzeak?
Asko gustatu zait. Iaz, hiru orduko eskolak ziren eta pentsatzen nuen luze egingo zitzaidala. Baina gelara joateko gogo handiagaz egon naiz. Jende berria ezagutzen duzu eta beste gauza batzuei buruz berba egiteko aukera ematen dizu. Berba egitera askoz ere gehiago animatu naiz. Euskaltegian giroa oso ona da, eta lagun artean egongo bagina legez ibili naiz.  Esperientzia oso ona izan da.

Behin pausoa emanda, euskaraz bizitzeko aukerak sortu zaizkizu?
Nire ingurua ez da oso euskalduna, baina aurkitu daitezke aukerak, gura izanez gero. Eta egunerokotasunean ere bai, ogia erostera zoazenean zein beste hainbat momentutan. Gura baduzu, beti sortzen dira aukerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak