Txikitasuna alde batera utzi eta ausardia erakusten duen zinea egiten da gurean. Dokumentalak, fikzioa, animazioa... Euskal zinea handia izateaz gain anitza ere bada. 66. honetan lehiaketa ofizialetik kanpo geratu arren, 20 euskal film baino gehiagok zipriztindu dute aurten Zinemaldiaren programazioa, eta dirudienez hau dagoeneko geldiezina da. Koldo Serrak Sitgesen estreinatuko du 50 Bin Ladens filma, Mikel Ruedak amaitu du bere hurrengo pelikularen grabazioa, La trichera infinita labean dago... Argi dago euskal filmaren ibilbidea burugogortasunak, talentuak eta ausardiak emandako hauspoaz baliatu dela hegan egiteko.
Zinemira Saria
Zinemaldia goitik behera ezagutzen duen Ramon Agirrek jaso du aurten Zinemira saria. Agirre ez da hasiberria ogibide honetan, 1986 hartan etorri zen Zinemaldira estreinakoz, Montxo Armendarizen 27 ordu lanarekin; eta ordutik hamaika aldiz ikusi dugu alfonbra gorrian.
Hemengo naiz kanpoko zuzendari handiekin lan egin duen Agirrek lankide izandako Moriartitarren eskutik jaso du garaikurra. Oholtzan Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok ezin zuten poztasuna disimulatu eta Victoria Eugenia Antzokian batu direnek antzera zeuden. Bere izena entzun bezain pronto, Antzokia zutitu egin da, jatortasuna eta talentua uztartzen dituen Agirre omentzeko. Aktoreak emozioz hartu du Zinemira Saria jendearen txalo artean.
Gala amaitzeko, Josu Martinezek zuzendutako Jainkoak ez dit barkatzen filma estreinatu dute.