Gosling eta Chalamet zurrunbiloak

Imanol Gallego 2018ko ira. 24a, 23:53

Chalamet eta atzo iritsi zen Gosling izan dira eguneko izarrak Zinemaldian. Horrenbeste distiraren artean Telmo Esnalek Dantza aurkeztu du. Dudarik gabe Esnalen lanak Hollywoodeko izarrenak baino zapore hobea laga du.

Felix van Groeningen zuzendari belgikarrak Beautiful Boy aurkeztu du Sail Ofizialean. Filmak semearen droga mendekotasunari urte luzez aurre egin behar dion familia baten istorioa azaltzen du.

Kontakizunak indarra duen arren, une batzuetan errepikakorregia da. Ikuslearen gozamenerako Timothee Chalameten lana ona da eta Call me by your name pelikularekin gertatu zen bezala, film hau ere bere ibilbidean egoki aukeratutako proiketu bat da.

Espazioko perla

La la Land musikalaren zuzendari den Damien Chazeelek aurreko filmetik urrundu, eta Neil Armstrongen ibilbidea kontatzen duen First Man pelikula erakutsi du Perlak sailean. Chazelle ez da Armstrongen mitoaren geratu eta filmak astronauta ospetsuaren bizitza ezagutzeko aukera ematen du. 

Apustua ez da erraza izan eta mitoaren atzean dagoen pertsona erakustea zaila izaten da beti. Kasu honetan zuzendariaren saiakera ez da borobila, eta azkenerako, filmak aspertu egiten zaitu. Egia da Chazellek erritmoa oso ondo menderatzen duela, baina mitoa eta astronauta ongi ezagutzeko bidea luzeegia geratu zaio.

Izarrekin dantzan

Juan Antonio Urbeltz eta Koldobika Jauregiren ideietatik abiatuta Telmo Esnalek film ederra ekarri du Sail Ofizialera. Lehiaketatik kanpo dagoen Dantza filmaren izenburuak ez du gezurrik esaten, pelikulako protagonista mugimendua baita.

Apenas hitzik ez duen filmean, zuzendariak, elementuekin, espazioarekin eta irudiekin jolasten du jendea bereganatzeko. Erronka ez da erraza izan, baina zorionez, emaitzak merezi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak