8 apellidos vascos filmaren gidoilariak izandako Borja Cobeagak, Diego San Josék eta Borja Echevarriak idatzi eta zuzendu dute gala. Gidoilariek umorez jorratu dituzte zinemaldiaren berezitasunak. Aurreko urteetan ez bezala, aurtengo irekierak erritmoa izateaz gain oso entretenigarria izan da. Umorea, ironia, anekdotak... Irungo gidolari taldearen lanak txalo ugari jasotzeaz gain, Zinemaldiak hartu berri duen norabide berriaren ondorio positiboenetako bat izan da.
Ricardo Darin Sail Ofizialean
Argentinak eman dio hasiera lehiaketa ofizialari Juan Vera argentinarraren El amor menos pensado filmarekin. Hego amerikako zuzendariak Ricardo Darin eta Mercedes Moran protagonista dituen komedia dramatiko bat ekarri du Donostiara.
Filma ez da beste munduko ezer, baina jaialdiari hasiera arin bat emateko aukera ederra izan da. Kursaala goraino bete duen jendeak gogo onez hartu du argentinarren lana eta emanaldian zehar entzun diren barreez gain, amaieran txalokada handia jaso du.
Sebastiane saria
Zinemaldiaren hasierako egun honetan ere, Gehitu elkarteak Sebastiane Latino saria banatu du. Garaikur honene seigarren urtea den honetan, elkarteak, Paraguayn egindako Las Herederas pelikula saritzea erabaki du. Emanaldira filmeko lantaldea etorri da, eta sariaz gain, eguneko txalo zaparrada handiena jaso du.