Kontratazioak "aurreikusitako beharren arabera" egingo dituztela azaldu du Ulmak. "Hazkundea arlo guztietan gertatzen ari da; beraz, behar ditugun eta behar izango ditugun langileen profila askotarikoa izango da".
Hala, ingeniariak, proiektu gestoreak, Lanbide Heziketako langileak, teknikariak, muntatzaileak, produktu industrialen salerosketan adituak, galdaragileak, eta abar izango dira kontratatuko dituztenak.
Kontratazio berrien zati garrantzitsu bat ikasleei eta titulazioa eskuratu berri dutenei zuzenduta egongo da. "Izan ere, guztientzako tokia dago hemen. Esperientzia handiko jendea daukagu, baina talentu gazteen beharra ere badugu".
Planta berria handitzen
Ulma Packaging-ek Oñatiko Goribar auzoan duen planta handitu egingo dute. Egun, eraikinak 5.000 metro karratu ditu; alboan 4.000 metro karratuko eraikin bat gehituko zaio. Beraz, "ia bikoiztu" egingo dute Goribarko planta. "Packaging izaten ari den hazkundearen erakusle da planta berria ere txiki geratu izana".
Dagoeneko hasi dituzte planta handitzeko lanak. Aste honetan hasi dira alboan zegoen eraikina botatzen, eta ondoren ekingo diete eraikina handitzeko lanei. Alberdik adierazi duenez, 2019ko uda aurretik amaitu gura dituzte plantaren handitze lanak, "ekain alderako edo".