Goi mailako taldeak, gaur, Bergara Hiria torneoan

Xabier Urtzelai 2018ko ira. 14a, 12:01

Bergara Hiria torneoak elite mailako saskibaloi jokalariak ekarriko ditu gaur Labegaraietako kantxara –19:00; sarrera doan da–. Lehenago, Debagoieneko jokalari beteranoz osatutako taldeak Bergarako ordezkarien kontra neurtuko dituzte indarrak, Labegaraietan. Eta bihar, zapatuan, taldeen aurkezpena egingo dute plazan.

Emakumezkoen saskibaloian mailarik gorenean dagoen IDK saskibaloi taldeak bost partidu izango ditu denboraldi-aurrean, eta gaurkoa izango da horietako bat, Logroñoko Promete taldearen kontra: "Iaz Logroñoko taldea lehenengo mailan izan zen, baina kategoria galdu zuten eta bigarren mailara jaitsi dira", adierazi du saskibaloi saileko presidente Marian Melladok. 

Azpimarratu du, gainera, Bergarako jokalari gazteei begira garrantzitsua dela halako erreferenteak gurera ekartzea: "Klubeko neskak eraman izan ditugu Donostiara IDK Gipuzkoa taldeko partiduak ikustera, eta txundituta geratzen dira saskibaloian duten maila ikusita. Azken batean, maila goreneko jokalariak dira. Eta oraingoan, gu kanpora joan beharrean, taldea etorriko da gurera". Izan ere, elite mailako gizonezkoak ekarri izan dituzte Labegaraietara, GBC eta Baskonia, adibidez: "Garrantzitsua da emakumezkoekin ere gauza bera egitea. Azken batean, egubakoitzekoa guretako egun bat izango da, baina, noski, gizonezko guztiak ere gonbidatuta daude [Barre]". 

Klubeko jokalariek ere lagunartekoa 

Bada, saskibaloi-zaleek bertatik bertara ikusi ahal izango dute Azu Muguruzaren taldea, ikasturte berriko lehenengo lagunartekoan –urriaren 13an hasiko dute liga, Embutidos Pajariel Bembibre taldearen kontra–. Partidu horren aurretik, baina, eta etxeko jokalariei protagonismoa emateko helburuarekin, beste lagunarteko bat antolatu dute Bergara Hiria torneoa borobiltzeko. Hala, Bergarako senior mailako taldekoek Debagoieneko beteranoz osatutako taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak; 16:45ean. 

Neskak, kategoria guztietan 

Ikasturtera begira, berriz, Bergarako saskibaloi sailekoak pozik daude emakumezkoen taldeekin egin duten aurrerapausoarekin: "Aspaldi genbiltzan helburu honen atzetik; hau da, kategoria guztietan emakumezkoen taldeak izan nahi genituen, baina orain arte senior mailan ez dugu halakorik lortu. Eta aurten bai, infantil, kadete, gazte eta senior mailetan taldeak izango ditugu. Gainera, seniorrak izatea garrantzitsua da, klubeko gaztetxoek erreferenteak behar izaten dituzte-eta talde nagusian". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak