Aramaioko rallysprintaren 14. edizioa nobedade handi batekin dator, ibilbide berria izango du: "Antolatzaileok aldaketak egin gura genituen, jendea rallysprinteko ibilbidera ohituta zegoelako eta beti gauza bera eginez gero jendea aspertu ere egiten delako. Eta, orain artekoa ikusita, jendea pozik dago aldaketa honekin, ikusiko dugu lasterketak zer ematen duen", dio antolaketa taldeko kide Inhar Amenabarrek.
Lasterketaren ezaugarriei dagokienez, "lehenengo tramuak lau kilometroko igoera izango du, Ibarratik Etxaguengo bidegurutzeraino izango dena, eta ondoren, Arriola auzorainoko jaitsiera delikatua da, asfalto txarrekoa eta bihurgune arriskutsuren bat duena", dio Inhar Amenabarrek: "Ez da jaisterako orduan pilotuek izango duten bihurgune txar bakarra. Zapatuan ondo jaistea ezinbestekoa izango da aurrealdean ibiltzeko".
Txapelketa dago jokoan
Euskadiko Rallysprint Txapelketako seigarren eta azken proba izango da bihar Aramaion jokatuko dutena, eta 52 pilotu izango dira, euren kopilotuekin, irteera puntuan. Eta oraindik dena dago erabakitzear. Egia da Enrique Barrenetxeak eta Anartz Onandiak (Mitsubishi Evo IX) abantaila daukatela (128 puntu); izan ere, lehia estu horretan, azken lasterketan, Karrantzan, Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiola antzuolarrak (BMW M3) erretiratu egin behar izan zuten (107 puntu) eta horri esker lehenengo sailkatuek arnasa hartu ahal izan zuten.
Horri esker, biharko lasterketari begira Barrenetxeak eta Onandiak 21 puntuko aldea daukate –32 puntu egongo dira jokoan– eta ikusteko dago arriskatzera etorri eta lasterketa irabazteko asmoz egongo diren, edo nahiago izango duten aurrealdean ibili eta txapelketa irabazteko behar dituzten puntuekin konformatu. Kontuz, baina, hirugarren sailkatuekin, Mattin Villaresek eta Jon Zozayak (Clio Maxi) 104 puntu dituzte eta.
Debuta Maider Usandizagak
Debagoieneko pilotuei dagokienez, orain arte kopilotu lanetan ibili den Maider Usandizaga oñatiarrak debuta egingo du pilotu moduan, eta A+Gas taldeko ordezkariak Leire Iturbe izango du ondoan (Ford Focus). Emakumezko pilotu bakarra izango da irteera puntuan, gainontzeko emakumezkoek kopilotu jardungo dute eta; hamazazpi izango dira, guztira, pilotuei ibilbideko xehetasunak adierazten.
Ibilbide berriak distantzia bera, baina lehengoarekin zerikusirik ez
Biharko lasterketa kontrako norabidean egingo dute irteera puntuan batuko diren 52 pilotuek, eta, orain artekoarekin alderatuta, lasterketa erabat aldatuko da. Txanda bakoitzean egin beharreko distantzia ez da aldatuko –7,8 kilometro– eta hiru txandak batuta 23 kilometro izango ditu lasterketak. Baina, norabidez aldatuta, lasterketaren ezaugarriak erabat aldatuko dira. Hala, Aramaioko rallysprintean zeuden orain arteko puntu beroek ez dute oraingoan zerikusirik izango: Uribarri eta Arexola arteko saltoa, Arriolako baserrien arteko chicane estua, Gantzaga auzorako paella... Eta beste puntu bero batzuk sortuko dira.