Ingeles ugarik bezala Judi Denchek asko maite du Shakespeareren lana, baina bere kasuan afizio horrek oso urrun eroan du, "Gogoratzen dut Shakespeareren King Lear obra ikustera joan nintzela, eta Michael Redgrave aktoreren lanari begira piztu zitzaidan zaletasuna zela" azaldu du aktoreak. Bere ibilbidea ikusita arraroa egiten da bere lehen aukera ez zen interpretazioa izan "Nik antzerki lanetako diseinatzailea izan nahi nuen, eta horretarako prestatzen ere hasi nintzen" aitortu du Denchek.
Saria jasotzerakoan ere kontatu du lehen aldiz 15 urterekin etorri zela Donostiara, "Gurasoekin Biarritzera etorri ginen, eta nola ez, Donostia ere bisitatu genuen, baina garai hartan oholtzak, filmak, antzerkiak... oso urrun zeuden" aipatu du. Dench interpretazioaren dama handi horietako bat da, eta gaurkoan dotoretasuna ez ezik, lanean jarraitzeko asmoa ere erakutsi du.
Bere hitzaldian ingelesak alpertzat ditu, euren hizkuntza baino ez dutelako egiten, dena den, bere irribarre eta gertutasunari esker, ez zaio beste lengoaiarik falta izan.
Ibilbide oparoa
Londresko Old Vic eta The National antzoki ospetsuetan hasi zuen Denchek bere ibilbidea. Laster paper txikiak atzean utzi, eta Shakespeareren emakume protagonista handien roletan aritu zen Stratford-upon-Avoneko Royal Shakespeare Company antzerki taldean.
1964. urtean, debuta egin eta hiru urtera, oholtzatik zinemara egin zuen salto. Denchek zuzendari ospetsuenekin egin du lan, besteak beste, Stephen Frears, James Ivory, Kenneth Branagh, Franco Zeffirelli, Sally Potter, Clint Eastwood eta Sam Mendes... Eta horien zuzendaritzapean pertsonaia gogoangarri askori eman die bizitza: Viktoria erregina izan zen Mrs. Brown filmean; Armande Voizin xelebrea Chocolat-en; eskarmentu handiko historia irakaslea Notes on a Scandal-en; lapurtu dioten semearen bila ari den ama Philomena-n. Azpimarratzekoa da, bestalde, Dench MI6 Erresuma Batuko zerbitzu sekretuko burua, M, izan dela James Bond agentearen hainbat filmetan. Rol hori egin duen emakumezko aktore bakarra da.
Oscar saria
Zazpi aldiz izendatu dute aktorerik onenaren Oscar sarirako, horietako hiru taldeko aktore lanean, eta gainotzeko lauak protagonista rolean. Bigarren izendapenean, 1999. urtean, taldeko emakumezko aktorerik onenaren saria irabazi zuen, Ingalaterrako Elisabet I.aren antzezpenagatik Shakespeare in Love pelikulan.