Bigarren lana kaleratuta, hura aurkezteko gogoz

Eneko Azurmendi 2018ko ira. 13a, 15:37

Lenao taldeak bigarren diskoa kaleratu berri du, Iparraldeko argiak izenekoa; zapatuan kontzertua eskainiko dute Arrasaten, Kulturateko areto nagusian, 20:00etan –sarrera dohainik da–; Iñigo Biain Bull-ek bete du Ander Etxanizek utzitako lekua.

2016an argitaratu zuen taldeak lehen diskoa, Lenao izenekoa, eta bi urteren ostean heldu da bigarrena: Iparraldeko Argiak.

Zortzi abestiz osatutako lana da kaleratu berri dutena, eta 80ko hamarkadako musika amerikarra nagusitzen da, nahiz eta euren ukitu pertsonala nabaria den abestietan.

Aitzakia hartu dute single moduan, diskoko zortzigarren eta azken abestia. "Sinplea da, sarkorra, eta, orain arte egin izan dugunarekin alderatuta, desberdinagoa. Bat aukeratu behar genuen, eta horren alde egin dugu, baina abesti guztiak gustatzen zaizkigu", azaldu du Iker Martinez de Zuazok, taldeko abeslari eta gitarra-joleak.

Diskoaz gain, taldekide bat ere berria dute orain. Izan ere, Iñigo Biain Bull-ek bete du Ander Etxanizek utzitako lekua. "Abesti guztiak berriak dira niretzako. Ez naiz sekula musika estilo honetan aritu. Apur bat kostatu zait moldatzea, baina oso pozik geratu naiz emaitzarekin. Plazer bat izan da taldekide hauek grabatzen ikustea. Maila handiko musikariak dira, eta orain arte egin duten ibilbideak erakusten du hori. Esperientzia izugarria izan da", adierazi du.

Etxanizen faltan, lan berri honetan Martinez de Zuazok abesten ditu kanta guztiak, eta Bull-ek baxua jotzen du. Beste gitarra-jolea Joxeba Aranburu da, lehen moduan.

Erantzun ona

Denbora laburra da diskoa kaleratu zutenetik, baina, Egoitz Olalde bateria-joleak azaldu duenez, "erantzun ona" izaten ari da. "Orain arte jaso dugun feedbacka ona izan da, badirudi jendeari gustatu zaiola. Ea emaitza on hori zuzenekoetan islatzea lortzen dugun aurrerantzean".

Dagoeneko bi kontzertu eskaini dituzte, Tolosako Bonberenean eta Donostian, Hor Konpon taldearen azken kontzertuan.

Hala ere, asteburu honetan hasiko dute diskoaren aurkezpen bira. Zapatuan Arrasaten eskainiko du kontzertua laukoteak, Kulturate Akustikoak ekimenaren baitan. "Lekua ona da, eta guk bakarrik joko dugunez, ikus-entzuleei errepertorio osoa eskaintzeko aukera izango dugu. Gogotsu gaude", adierazi du Bullek. Beste bi talde ere ariko dira asteburuan Kulturaten.

Bigarren kontzertua Angelun eskainiko dute domekan, Seaskak, iparraldeko ikastolen elkarteak, antolatutako Gliss egitarauaren baitan, 17:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak