Mondragon Unibertsitateak gaur aurkeztuko du ikasturte berria, 12:00etan Hernanin, Orona Ideoko campusean, eta Vicente Atxa errektoreaz gain, beste hainbat goi kargudun ere han izango dira. Ikasturte berriari begira, bost master eta graduondo gaineratuko ditu unibertsitateak eskaintzen dituen lau ezagutzaeremuetara: Ingeniaritza, Hezkuntza, Enpresagintza eta Gastronomia, hain zuzen ere.
Lehenik, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Haur Hezkuntzako Berrikuntzan irakasle eta aditu izateko titulua eskainiko du.
Bestalde, Goi Eskola Politeknikoak Fabrikazio Aditibo Industrialean masterra eskainiko du. 1.500 orduko master presentzial bat izango da, eta urrian hasi eta uztailean amaituko da, Ordiziako campusean.
Basque Culinary Centerrek bi graduondo berri izango ditu –Gastronomia Zientzien Fakultatea eta BCC Innovation Gastronomiako Zentro Teknologikoa hartzen ditu barne–: Food &, Berevageko Zuzendaritzan Masterra, hotelen sektoreari bideratua. Eta Jangela eta Bezeroen Arretako Zuzendaritza.
Azkenik, Kirol Berrikuntzan eta Kudeaketan Graduondoa eskainiko du, Mondragon Team Academyrekin eta Wats deiturikoarekin lankidetzan. Bost master eta graduondo berriez gain, 16 unibertsitate master eta 19 titulu propio eskainiko ditu hurrengo ikasturtean Mondragon Unibertsitateak.
UNED
UNEDek 27 unibertsitate gradu eskainiko ditu aurten; tartean, Psikologia, Zuzenbidea, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Geografia eta Historia eta Kriminologian gradua. Graduen katalogoaz gain, 76 master eta 19 Doktoretza Programa eskaintzen ditu. Bestalde, unibertsitate ikasketak egin nahi, baina ikasketa nahiko ez dutenei, 25 eta 45 urtetik gorakoei, aukera eskaintzen die.
Graduetan onarpena eskatzeko epea urriaren 23ra arte zabalik egongo da. Master, Gradu eta 25 eta 45 urtetik gorakoentzako ikastaroetan matrikulatzeko epea egun berean itxiko da. Hizkuntzak ikasteko saioen matrikulazioa azaroaren 8an amaituko da, eta Formakuntza Iraunkorreko ikastaroetakoa abenduaren 1ean.
Egoitza berritua
UNEDek Bergaran duen egoitzan berrikuntza integrala egin dute, eta lanak irailaren 24an bukatuko dituzte. Hurrengo egunetan egingo dute inaugurazio ofiziala–oraindik zehazteke–, eta urriaren 16an eta 19an, bergararrei zuzendutako ateak irekitzeko jardunaldiak izango dira. Ikasturte hasierako ekitaldia urri bukaeran edo azaro hasieran egingo dute –zehazteke oraindik hau ere–.