Podiumeko bigarren postua eman dion 4,65eko saltoa egin du Jonathan Perezek Malagan, eta kontutan hartzeko moduko marka da, Stephane Diaz baino ez zen-eta bera gainditzeko kapaz izan, hamar zentimetro gehiagoko markarekin (4,75). Hirugarrena Pascal Couturier frantziarra izan zen (4,55).
Hala, Perezek 2018a borobiltzea lortu du Malagan, M35 kategorian pista estaliko denboraldian Espainiako txapelketa irabazi (4,73) –Euskadiko Txapelketan errekorra ezarri eta gero– eta Europako Txapelketan zilarra jantzita. Arrasatekoak pista estaliko denboralditik erretiroa hartzeko ordua zela adierazi zuen orduan, ikusteko dago aire librean ze asmo duen, pertika saltoa kirol jarduera zorrotza delako, eta kirol ibilbidean izandako lesioek buruhauste bat baino gehiago ematen dutelako. Hala ere, munduko txapelketara sasoi onean iritsi dela erakutsi du arrasatearrak.