Ohorezko Erregionala martxan dago. Hasiberria. Eta taldeak oraindik gutxi aritu dira. Hori guztiori oso agerikoa izan da Agorrosingo lehian. Bi taldeak oso motibatuta irten dira zelaira. Gogotsu, baina, hankak astunegiak dituzte oraindik.
Mondra eta Bergara ondo lehiatu dira, baina, ideia argi barik. Zelai erdiko jokoa oso nahasia izan da, huts askorekin. Hori horrela, erasoan jokatzeko arazo handiak izan dituzte bi taldeek.
Bigarren zatia oso antzerakoa izan da. Aldaera batekin: azken minutuetan askoz gehiago nahastu da jokoa. Hainbat jokalarik kalanbreak izan dituzte hankatan.
Atezaina, zorabiatuta
Partiduko sustoa Bergarako atezain Gorkak eman du. Mondraren erremate batean, baloia masailezurrean eman dio, eta lurrera erori da, zorabiatuta. Lau minutuz zelaian etzanda egon ostean, errekuperatu egin da eta aldageletarako bidea hartu du.
UDAK, galdu
Aretxabaletak ere gaur hasi du liga txapelketa Añorgaren kontra. 0-3 galdu dute Ibarran jokatutako norgehiagoka.