Herrialde garatuetan heriotzen arrazoi nagusietako bat da bihotz-gelditzearen ondoriozko bat-bateko heriotza Gurutze Gorriak dioenez, eta hainbat datu eman ditu: "Espainian 30.000 kasu izaten dira urtean (82 baino gehiago egunean). Eta ospitaletik kanpo, bihotz-gelditze batetik bizirik eta ondoriorik gabe irteteko aukerak %5etik %11ra bitartekoak dira".
Hori horrela, arreta lehenbailehen eskaintzea funtsezkoa dela halakoetan gogorarazi dute: "Lagundu gabe pasatzen den minutu bakoitzeko bizirik ateratzeko aukerak %10 murrizten dira".
Eguenetik egongo da eskuragarri
SEC (Sociedad Española de Cardiología) elkartearekin eta FEC (Fundación Española del Corazón) elkartearekin batera garatutako aplikazioa irailaren 13tik aurrera debalde deskargatzeko aukera izango da, iOs zein Android gailuetarako. "Ariadna superheroi bat da, bizitzak salbatzeko app baten modura iritsi dena, Espainiako desfibriladoreen lankidetzazko mapa batean oinarrituta. Erabiltzaileak aztarnari edo laguntzaile gisa erregistratzeko aukera dauka".
Aztarnariek desfibriladoreak espazio publiko zein pribatuetan non dauden adierazi dezakete. Eta geolokalizazioa tokiko argazkiez osatzeko aukera ere badute, gailua non dagoen zehaztea errazagoa izan dadin. Gainera, aplikazioan aldez aurretik alta eman zaien kanpo-desfibriladore automatikoak balidatzeko aukera izango dute.
Laguntzaileen erregistroa ere garrantzi handikoa da. Bihotz-biriketako bizkortze-teknikei buruzko prestakuntza-ziurtagiri ofizial baten jabe diren guztiak aplikazioan sar daitezke rol hori hartuta.
Biziraupen-katea aktibatzeko pausoak
Gurutze Gorriak gogorarazi gura izan du lehenbailehen aktibatu behar dela biziraupen-katea bihotz-gelditze bat gertatzerakoan. Hona hemen sei pausoak:
1. Egiaztatu pertsonak konortea duen eta arnasa hartzen duen.
2. Arnasa hartzen ez badu, deitu 112ra.
3. Egin bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak (100-120 konpresio minutuko bularrezurraren gainean).
4. Eskatu hirugarren pertsona bati desfibriladorerik hurbilena aurki dezala.
5. Jarraitu desfibriladorearen argibideei deskargak aplikatzeko.
6. Segi bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egiten anbulantzia iritsi arte.
Debagoieneko Gurutze Gorriak lehen sorospen ikastaroak antolatzen ditu, baita desfibriladorea (DEA) erabiltzen ikasteko trebakuntzak eskaini ere.