Nere Arregi: "Ez dakit gorputzak zelan erantzungo didan"

Xabier Urtzelai 2018ko ira. 7a, 10:01
Nere Arregi, aste barruan Arrasatetik Elorregira gerturatzen, bidegorritik.

Arrasateko atleta Kroazian lehiatuko da bihar, zapatua, munduko distantzia luzeko txapelketan; hain zuzen, 100 kilometroko lasterketa izango du aurrean. Eta, datua zuzena da, kazetariak oraingoan ez du hankarik sartu. 

Nere Arregik 100 kilometroko munduko txapelketan hartuko du esku bihar, zapatua, Kroazia iparraldean dagoen Sveti Martin Na Muri herrian. Azken bi urteotan izandako lesioak gaindituta, distantzia luzeetan dihardu, baina orain arte, gehienez, 50 kilometroko lasterketak egin ditu. Hain zuzen, ekainean Santanderko 50 kilometroko proban eskuratu zuen Espainiako selekzioarekin munduko txapelketara joateko txartela.

Prest zapatuko lasterketarako? 

Bueno, prestatu, behintzat, prestatu naiz, lana eginda dago. Baina halako distantzietan inoiz ez dago jakiterik ondo prestatu zaren edo ez.

Izan ere, zelan prestatzen da 100 kilometroko lasterketa bat? 

Nik agindupean egiten dut lan, ez naiz nire kabuz ibiltzen. Entrenatzaileak esaten didana betetzen dut, nutrizionista daukat elikadura zaintzeko... Egunero ibili naiz entrenatzen, eta saio batzuk luzeak egin ditut, 44 kilometrokoak, 50 kilometrokoak... Normala den moduan, inoiz ezin da lasterketako distantzia entrenatu, seguruenik ez ginatekeelako irteera puntura azalduko [Barre].

Izan ere, bi maratoi dira bata bestearen jarraian, eta beste hamasei kilometro opari. 

Bai; lagunak une oro ibiltzen dira halako erreferentziak ematen, IruÒera korrika joatea bezala dela... Aurrekoan, Donostiatik Arrasaterako bidea autoz luzea egin zitzaidan... Ba, pentsa korrika... Azkenaldian, halako kontuak ditut buruan [Barre].

Asier Cuevas moduko korrikalari bat ondoan izatea garrantzitsua da [Eibartarra ere Espainiako selekzioarekin lehiatuko da]. 

Oso garrantzitsua, eta lagun handia da, gainera. Laguna, eta ni saltsa honetan sartzearen erruduna ere bai, neurri handian. Egun askotan elkarrekin entrenatzen ibili gara; eskerrak bera ondoan daukadan.

Duela bizpahiru urte Gipuzkoako maratoian eman zenuen ezusteko handiena, 3 ordutik jaitsi eta Gipuzkoako txapeldun izan zinen. Eta handik aurrera? 

Handik aurrerako bi urteak oso gogorrak izan ziren. Oin-zolako fasziitis batengatik geldi egon behar izan nuen 2016an, eta 2017an Donostiako maratoia topera prestatzen nenbilenean, geratu egin behar izan nuen, anemiak jota. Gero, anemiatik errekuperatzeko, erritmoak jaisten hasi nintzen, korrika polikiago egiten, eta kasualitatez Santanderko 50 kilometroko lasterketara joan eta lan txukuna egin eta gero [helmugan bigarren, 3.38.29 eginda], Espainiako selekzioko hautatzaileak deitu zidan.

Eta, ze asmo duzu zapaturako? 

Ideiarik ere ez daukat, inoiz ez dut-eta halakorik egin. Oso burugogorra naiz eta txarto egonda ere kosta egiten zait lasterketa batetik erretiratzea. Baina hau beste kontu bat da, parte-hartzaileen %50 erretiratu egingo dira, eta hori nabil nire buruari behin eta berriro errepikatzen; alegia, erretiratzea ez dela porrota.

Etxekoak ondoan izango dituzu, baina Kroaziara joango zirela jakin zenuenean haserretu egin zinen. 

Pentsa, 100 kilometro dira. Lasterketa amaitzen badut, ez dut jakin ere egin gura ze kondiziotan gurutzatuko dudan helmuga. Etxekoek egoera horretan ikusteak ez dit graziarik egiten.

Gorputza muturrera eramango duzu. 

Garbi daukat hori. Orain, balore guztiak mugan baditut, pentsa zelan egongo naizen lasterketa amaitutakoan. Gibelak, giltzurrunek... asko sufritzen dute halakoetan, eta hiru aste beharko ditut baloreak bere onera bueltatzeko. Hau kirola da, baina ez kirol osasungarria, garbi daukat hori. Baina egindako bideaz izugarri gozatu dut; horrenbestez...

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak