Aitor Arregi: "Ospatu egingo dut. Gaur familia afaltzera gonbidatuko dut"

Goiatz Arana Begiristain 2018ko abu. 14a, 17:24

"Pozik, oso pozik" dagoela dio Aitor Arregik, Handia filma Oscar Sarietarako aurre-aukeratua izan delako. "Ikusten genituen aukerak, baina sartzeko bezala kanpoan geratzeko. Poztasun handia izan da. Egindakoa balioan jartzen laguntzen dute horrelakoek".

Aitor Arregik dio hamar Goya jaso izanak aukerak izan ditzakezula pentsarazten dizula, baina orduz geroztik ere lan berriak estreinatu direla eta posibilitateak gutxituz doazela. Bere esanetan, Handia ez zen faboritoetako bat, baina, aldi berean, ez da sorpresa izan.

Handia-rekin batera lehen aukeraketan dauden beste bi lanei buruz dio (Javier Freser-en Campeones eta Asghar Farhadi-ren Todos lo saben) horiek bai, horiek faboritoak zirela. Bere hitzetan, aukeratuak izan zitezkeen baita ere Las distancias (Elena Trape), La enfermedad del domingo (Ramon Salazar), Perfectos desconocidos (Alex de la Iglesia), El reino (Rodrigo Sorogoyen) edota Yuli (Iciar Bollain), batzuk aipatzearren. 

Erabakia, hemendik astebetera

Astebete barru erabakiko da hiruren artetik zeinek egingo duen aurrera; Espainiako akademiako kideek erabakiko dute, bozketa baten bidez. Ildo horretatik, Arregik dio lanean jarraituko dutela: "Gure lana borrokatzea da eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu". Edozein kasutan, jakitun da arerio gogorrak izango dituztela: "Campeones eta Todos lo saben pisuzko lanak dira".

'Trinchera infinita'

Oporretan harrapatu du albisteak oñatiarra, hilaren 3an Trinchera infinita filmaren errodajea amaituta, ondo merezitako oporrez gozatzen. Gustura mintzatu da lan horren gainean ere: "Oso intentsua izan da, esfortzu handikoa, baina ondo, oso ondo joan da. Gu gure betiko jendearekin lan egitera ohituta gaude, baina kasu honetan Andaluziako jendearekin ere lan egitea egokitu zaigu eta ondo konpondu gara. Oso jende profesionala da".

Uneotan, filma editatzen ari dira.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak